Gizartea -
MINBIZIA
Osakidetzak ikerketa abiatuko du prostatako minbiziaren baheketa ezarri ala ez erabakitzeko
Programaren fase pilotuan, 50-70 urte bitarteko 10.000 gizonekin jardun asmo dute, eta minbiziaren prebentzio eta diagnostiko goiztiarreko estrategia zabalago baten barruan dago.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osakidetzak 50 eta 70 urte bitarteko 10.000 gizonekin jardun asmo du Euskadin, prostatako minbiziaren baheketa ezartzea komeni den ala ez aztertzeko ikerlan batean parte har dezaten.
Prostatako Minbiziaren Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi du prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak direla minbizia kasuetan; izan ere, heriotza guztien % 27 heriotza-kausa nagusia da Euskadin.
Prostatakoa da gizonezkoen minbizi kasuen artean ugariena, eta heriotzen % 9,4 eragiten ditu.
Ekainean hasiko da azterketa, eta baheketa egitea beharrezkoa den ala ez baloratuko da horren ondorioak ikusitakoan. Bularreko, kolon eta ondesteko minbizia eta zerbixeko minbizia detektatzeko programa aktiboei batuko litzaizkieke.
Osakidetzak gograrazi du, era berean, aurrez aipatutako minbizia motak detektatzeko programek hilkortasun-tasa apaltzea ekarri dutela; izan ere, bular-minbiziaren ondoriozko hilkortasun-tasa % 16 murrizten lagundu du, kolon- eta ondezte-minbizi kasuetan, % 30, eta zerbix-minbizia kasuetan, % 3.
Gainera, Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutua Europako proiektu aitzindari batean parte hartzen dabil, biriketako minbiziaren baheketa goiztiarra egiteko eredu bat aztertzen.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.400 boluntario baino gehiago bildu dituzte dagoeneko, gaixotasunaren hasierako fase batean minbizia diagnostikatukoak.