Saretzen -

Saretzen

Zein da Hego Euskal Herriko immigranteen profil nagusia?

Jatorriaren arabera, gure herrialdean bizi den atzerritarraren profila aldatu egiten da. Hala ere, horietatik, % 50 baino gehiago amerikarrak dira, eta komunitate horren barruan, 10 pertsonatik ia sei emakumeak dira.

Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzerritik etorritako immigrazioaren fenomenoak 2000ko lehenengo urteetan egin zuen eztanda gurean, urtetik urterako % 10etik gorako hazkundearekin. Garai haietan, Amerikatik etorritako gizon-emakumeak ziren Hego Euskal Herrira etortzen hasi zirenak batez ere; berton bizi ziren atzerritarren ia % 50 ziren amerikarrak. Xabier Aierdi soziologoak azaltzen duenez, bertoko gabezia bati aurre egiteko, lan-sektore zehatz batzutako hutsuneak betetzeko, migratzen zuten, hala nola zaintza lanetan eta etxebizitzetan aritzeko, hain zuzen.

Aierdik dioenez, aldaketa oso sakonak egon dira urteotan guztiotan gure inguruko familietan: ?Txikitu egin dira, eta, ondorioz, zaintza-lanak bete ezinean gelditu dira?. Horrela, gabezia horri eta behar horiei aurre egiteko, Hego Amerikatik biztanleria etortzen hasi zen gurera gehienbat, bereziki Ekuadorretik eta Kolonbiatik. Horiez gainera, Europatik ere jendea etorri zen asmo berarekin, baina baita bestelako hainbat sektoretan aritzeko ere, industrian, adibidez. ?Esaterako, Errumaniatik etorri izan den jendea sektore horretan sartu da, eta oso ikusgarria da errealitate hori Ordizian?, azpimarratu du soziologoak.

Mende berriko lehenengo hamarkadan gurean erroldatutako atzerriko gizon-emakumeen arteko aldea parekatuta egon zen, baina, apurka-apurka, urteek aurrera egin ahala gero eta emakume migratzaile gehiago etortzen hasi zen Hego Euskal Herrira, eta INE Espainiako Estatistika Institutuaren 2022ko urtarrilaren 1eko errolda jarraituaren datuen arabera, atzerritarren % 51,9 da emakumezkoa orain gurean, 20 urte lehenago % 48,4 zen bitartean.

Hala ere, jatorriaren arabera, generoaren arteko arrakala nabarmenagoa da. Ameriketakoak kenduta, gainontzeko jatorrietako profil nagusia gizonezkoa izan da bi hamarkadotan, Afrikakoak eta Asiakoak batez ere; hala ere, 2002tik 2021era kopuruak berdintzera jo dute, gizonezkoak oraindik ere nagusi diren arren jatorri horien artean. Aitzitik, Europan, gizonen eta emakumeen kopurua ia-ia pareko ibili da beti, 2000 hasieran lehenengoak nagusi ziren arren.

Metodologia

Informazio hau egiteko, EITBk eta Tokikomek Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako (INE) udal-erroldei buruzko datu demografikoak bildu, prozesatu eta aztertu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datu guztiak deskargatu dira, eskualdeka eta udalerrika banatuta, 2002tik 2021era; azken urte hori erakundeak 2022ko urtarrilaren 1ean argitaratutako erroldei buruzko datuei dagokiena izan da.

Immigrantearen jatorria zehazteko, INEk pertsona horien jaioterriak jasotzen ditu, herrialde bakoitzeko komunitate handietan multzokatuta. Hala ere, kasu batzuetan ezin izan da identifikatu jaiotzaren leku zehatza, eta, beraz, jatorrizko kontinentearekin batera katalogatu dira ?Besteak? atala zehaztuta.

Datuak antolatu ondoren, immigrazioaren joerak eta bilakaerak identifikatzeko aztertu dira, bai nazio-mailan, bai toki-mailan. Prozesu horretan, hainbat bistaratze egin dira balizko istorioak aurkitzeko. Gainera, ikuspegi osoagoa lortze aldera, elkarrizketak egin dira askotariko adituekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak