Ume lapurtuak -

Batzar Nagusietako batzordea

Haur lapurtuen delituzko sare bat egon izana baztertu du Ertzaintzak

Gipuzkoako Batzar Nagusietan auzi honen inguruan egin duten Batzordean Ertzaintzak azaldu duenez, "ezin da delituzko sareaz hitz egin".

Gorpu bat lurpetik ateratzeko lanak, Polloen.
Gorpu bat lurpetik ateratzeko lanak, Polloen.
Gorpu bat lurpetik ateratzeko lanak, Polloen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak egin dituen ikerketen arabera, "ezin da haur lapurtuen delituzko sare bat egon zenik esan". Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria eta Maite Salaberria Ikerketa Judizialaren buruzagia Gipuzkoako Batzar Nagusietan haur jaio berrien ustezko lapurretak ikertzeko egin duten batzordean egon dira.

Salaberriak onartu du 70eko hamarkadan adopzio irregularrak egon zitezkeela, baina edonola ere, "borondatezkoak" izan zirela eta delituzko sare bat egonez gero, "lehenago argitara atera ez izana zaila" izango litzatekeela esan du; izan ere, "hainbat lagunek hartu behar izango zuketen parte".

Ertzaintzak ikertutako kasuetan ezin izan dela "deliturik" atzeman azaldu du Gabirondok, eta hortaz, "ezin da sareaz hitz egin".

Hala ere, Ertzaintzak egindako ikerketak epaitegietatik bideratutako auziak direla azaldu du, beraz, eurek ez dakizkiten beste kasu batzuk egon daitezkeela zehaztu du.

Ertzaintzak 72 kasu ikertu zituen 2011n; 51, 2012an; eta 6, 2013an. Gehienak, % 68 hain zuzen, Gipuzkoakoak izan dira; Arabakoak, % 28; eta Bizkaikoak, % 4.

Halaber gorpuak lurpetik ateratzeko 6  lanetan parte hartu dutela azaldu dute eta horietan guztietan gizakien gorpuzkiak topatu zituztela zehaztu dute, kasu batean izan ezik. Horretan ezin ziren aztarnak ikusi eta DNA analisien bitartez ikertu behar izan zuten.

Ustez lapurtutako kasu gehienak gainera, arazoak izan dituzten haurdunaldiekin edo erditze zailekin lotuta daudela esan dute.

Ikerketan izan dituzten arazo gehienak "horrenbeste denbora igaro izanak eragindakoak" izan dira, horien esanetan, baina "elkarlana eta laguntza erabatekoa" izan dela esan dute. Azkenik, salatutako kasuetan "ez dago izen zehatzen kointzidentziarik", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ume lapurtuak Ertzaintza Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Amak albisteak