Hugo Chavez -
Hileta
Maduro: 'Venezuelako herria da Chavezen testamentua'
Nicolas Maduro presidenteordeak hitzaldi batekin esan dio agur Chavezi. Mundu osoko 30 estatuburu eta gobernuburu izan dira Caracasen, Chavezi azken agurra emateko.
Erredakzioa
Venezuelak Hugo Chavez presidenteari agur esan dio ostiral honetan, eta 30 bat estatuburuk eta gobernuburuk parte hartu dute estatu hiletan. Kanpoaldean, milaka herritarrek Hugo Chavezi azken agurra emateko zain jarraitzen dute. Presidentearen hil-kapera gutxienez beste zazpi egunez egongo da zabalik, eta ondoren, Chavezen gorputza kristalezko kutxa batean baltsamatu egingo dute.
Hileta ekitaldian zehar, ''Chavezen testamentuaren oinarriak'' ezarri ditu Nicolas Maduro presidenteordeak, erabat hunkituta. ''Venezuelako herria da Chavezen testamentua'', esan du Madurok, eta elkarrekin jarraituko dutela ziurtatu dio hil berri den presidenteari. ''Guk elkarrekin jarraituko dugu, zure testamentu politikoarekin, zure ereduarekin'', esan dio.
Halaber, Chavezek utzitako bost eginkizun historikoak aipatu ditu Madurok: ''Independentzia lortu eta iraunkortu; gure sozialismoa eraiki; Venezuela herri-potentzia bihurtu; inperiorik gabeko mundu orekatu bat eraiki; eta gizakia salbatzean lagundu''.
''Eginkizuna beteta. Batailak aurrera darrai. Chavez bizirik da. Garaipena lortu arte, komandante'', esan du Madurok, hitzaldia bukatzeko.
Simon Bolivarren ezpata
Estatu hiletaren erdigunean Chavezen hilotza egon da, Venezuelako banderarekin estalita. Lehen lerroetan, berriz, agintariaren seme-alabak eta Elena Chavez haren ama. Kanpoaldean elkartu diren milaka pertsonek txalo zaparrada batekin hartu dute Elena Chavez.
Omenaldia Venezuelako himnoarekin abiatu dute, eta, bukatuta, "Gora Chavez" oihukatu du aurkezleak.
Ondoren, Simon Bolivarren ezpata jaso du Madurok, eta hilkutxa gainean kokatu du.
Ohorezko guardiak, Felipe printzearekin eta Ahmadineyad Irango presidentearekin
Lehen ekintza sinboliko horren ondoren, ekitaldiko aurkezleak agintariak banan-banan deitzeari ekin dio, hilkutxara hurbildu eta ohorezko guardia egin zezaten.
Lehenengo ohorezko guardia Raul Castrok (Kuba), Sebastian Pineirak (Txile), Evo Moralesek (Bolivia), Laura Chinchillak (Costa Rica) eta Rafael Correak (Ekuador) egin dute.
Ondoren Juan Manuel Santos, Danilo Medina eta Mauricio Funes Kolonbiako, Dominikar Errepublikako eta Salvadorreko presidenteek, besteak beste, hilkutxa inguratu dute.
Felipe printzeak ohorezko hirugarren guardian parte hartu du, Portia Miller Simpson Jamaikako lehen ministroarekin, Enrique Peña Nieto (Mexiko); Ricardo Martinelli (Panama); Ollanta Humala (Peru) eta Jose Mujica (Uruguai) agintariekin batera.
Laugarrena, guardia berezia izan da; izan ere, Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidenteak eta Mahmud Ahmadineyad Iraneko buruzagiak parte hartu dute soilik, txalo artean. Ahmadineyadek Chavezen hilkutxa ukitu eta ukabila altxatu du.
Madurok AEBetako Gobernuaren ordezkariak agurtu ditu hiletan, eta ongietorria egin die. Caracasek errespetuzko harremanak izan nahi dituela nabarmendu du.
"William Delahunt biltzarkide ohia eta Gregory Meeks batzarkidea hemen daude, eta agurtu nahi ditugu; Obama presidenteak bidali ditu. Ongietorriak", esan du Madurok hitzaldian.
Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea, ordea, ez da hiletan egon. Atzo itzuli zen Argentinara, Chavezen hil-kaperan egon ondoren.
Hugo Chavez Venezuelako presidentea asteartean hil zen, duela 20 hilabete detektatu zioten minbiziak jota. "Gaur, martxoaren 5ean, 16:25ean, Hugo Chavez komandantea hil egin da", esan zuen Nicolas Madurok horren berri emateko.
Asteazkenean, Venezuelako herritarrek kaleak hartu zituzten, Chavezi agur esateko.