Mundua -
APAIZ ITALIARRA
Apaizgoa utzi du, genero-indarkeriaren errua emakumeei bota eta gero
Bere hitzek polemika handia piztu eta gero, Piero Corsik elizgizon izateari utziko diola jakinarazi du, eta bere burua “duingabetzat” jo du.
Erredakzioa
Piero Corsi abade italiarraren hitzek zalaparta handia eragin dute, genero-indarkeriaren errua emakumeei egotzi baitie. Apaizak jakinarazi duenez, elizgizon izateari utziko dio, bere burua “duingabetzat” jotzen duelako. “Gau osoa loak ezin hartu egon eta gero, elizgizon izateari utziko diodala jakinarazi nahi dizuet, nire jarrera duingabea dela eta”, adierazi du.
Corsik, Lericiko apaizak, “Emakumeak eta uxorizidioa” izenburuko ohar bat eskegi zuen elizan. Idatzian, “Gero eta emakume gehiagok probokatu egiten dute, harroputz jokatzen dute, handiusteak dira eta tentsio horrek nor bere onetik ateratzen du”, irakurtzen zen.
Apaizak hau gaineratu zuen: "Zenbat aldiz ikusten ditugu neskatilak eta emakume helduak kalean soineko probokatzaile eta estuekin? Zenbat traizio izaten dira lantokietan, gimnasioetan eta zinema aretoetan? Ekidin egin daitezke, senik txarrenak pizten dituztelako eta, horren ostean, indarkeria edo sexu abusua iristen delako".
Hitz horiek haserre handia eragin dute emakumeen elkarteetan, eta bai Elizaren bai Gobernuaren aldetik erantzuna espero dutela adierazi dute.