Mundua -
AEBetan
'Amildegi fiskala' ekiditeko azken ahaleginak porrot egin du
Hala ere, "baikor" azaldu da presidentea, eta akordiora iristeko deia egin die senatariei.
Erredakzioa
Amildegi fiskala ekiditeko Obamaren azken ahaleginak porrot egin du Etxe Zurian Kongresuko lau buruzagiek egin duten bilera amaitu ostean.
Ez dute adostasun zehatzik lortu, hala ere, Obama azken orduko akordio bat lortzeko "baikor" azaldu da, eta urte amaitu aurretik, Senatuko demokraten eta errepublikanoen buruzagiei plan bateratu bat aurkezteko eskatu die "amildegi fiskala" ekidin ahal izateko.
Epea amaitzear dago; urtarrilaren 1ean akordiorik lortu ezean, zergak igo egingo dira eta gastua murriztu egingo da, herrialdea atzeraldira eramanez.
Zergak erdi mailako klaseari ez igotzea defendatzen du Obamaren planak, langabeziaren diru-laguntzak 2 milioi laguni zabaltzea eta epe ertain eta luzera defizita gutxitzeko oinarriak adostea.
Adostasunerako alternatiba zehatzik egon ez den arren, Obamak "garaiz akordioak lortzea" espero du.
Zer da 'amildegi fiskala'?
Urtarrilaren 1ean amaitu egingo dira George W. Bush presidente ohiak onartutako hainbat zerga-salbuespen, eta, ondorioz, estatubatuar guztien zergak igoko dira, urtean 2.200 dolar batez beste.
Iazko udan, gainera, 2013ko urtarrilaren 1ean hainbat gastu murrizketa zorrotz automatikoki indarrean jartzea onartu zuen Kongresuak, demokratek eta errepublikanoek defizita murrizteko akordio bat adostea helburu, baina oraindik ez dute lortu. Gastu murrizketak, beraz, indarrean sartuko dira hurrengo egunetan akordioa lortu ezean.
Adituen ustez, 'amildegi fiskalak' atzeraldia ekarriko luke AEBetan, eta, ondorioz, mundu osoko ekonomietan ere igarriko litzateke.