Mundua -
Venezuela
Izango ote da Chavez karguaren zina ostegunean egiteko gai?
Konstituzioaren arabera, presidente karguaren zina urtarrilaren 10ean egin behar da, baina seguru aski Chavezek ezin izango du.
Erredakzioa
Hugo Chavez Venezuelako presidente hautetsiaren taldea karguaren zina nola egin aztertzen ari da. Izan ere, herrialde horretako Konstituzioak urtarrilaren 10ean egin behar dela ezartzen du, baina agintaria ospitaleratuta dago Habanan, eta seguru aski ezin izango da ostegunean Caracasen izan.
Adituen esanetan, Venezuelako Konstituzioak hutsuneak ditu egoera honen aurrean, eta interpretazioak askotarikoak dira.
Nicolas Maduro presidenteordeak adierazi duenez, urtarrilaren 10eko ekitaldia "formalismo hutsa" da, Chavez berriz hautatua izan den presidentea baita.
Cilia Flores Venezuelako prokuradore nagusia ere iritzi berekoa da, berriz hautatua izan den presidente baten kasuan interpretazioa ezberdina izan beharko litzatekeela uste baitu. "Alde handia dago", gaineratu du.
Halaber, Chavez karguaren zina egiteko gai izango ez balitz ere, urriaren 7ko hauteskundeetako garaile dela gogorarazi du Floresek: "Data garrantzitsuena urriaren 7a, han adierazi zuen herriak bere borondatea, eta hori errespetatu egin behar da".
Konstituzioaren 231. artikuluaren arabera, presidente karguaren zina urtarrilaren 10ean egin behar da, Parlamentuaren aurrean, eta "bat-bateko" arrazoi bat dela medio presidentea karguaz jabetzeko gai ez bada, zina Auzitegi Gorenaren aurrean egin beharko duela gaineratzen du, baina noiz egin behar den zehaztu gabe. Puntu hori da, hain zuzen ere, polemika piztu duena.
Konstituzioak "erabateko hutsunea" zer den ere zehazten du: presidentea hiltzea, dimisioa aurkeztea, Gorenak botatzea edota "ezgaitasun fisiko edo psikologiko iraunkorra, Gorenak ezarritako batzorde mediko batek egiaztatuta, eta Parlamentuak onartuta".
"Erabateko hutsuna" izango balitz, Konstituzioa argia da: hauteskundeak deitu behar dira 30 eguneko epean.
Arazoa, baina, zera da, Chavez abenduaren 10etik dagoela Habanan, baina "behin-behineko hutsunea" ezarri gabe.
Beraz, zalantza eta polemika oso handiak dira Venezuelan. Urtarrilaren 10a egun mugiezina da ala ekitaldia atzeratu daiteke? Erantzunik gabeko galdera, oraindik.