Mundua -
Istiluak par Irlandan
Unionisten eta Poliziaren arteko istiluak berriro, Belfasten
Bosgarrenez jarraian istiluak egon dira eta bart lau lagun atxilotu dituzte; ehundik gora dira jada atxilotutakoak lehengo astean protestak hasi zirenetik.
Erredakzioa
Manifestari unionistak Belfasteko Poliziaren aurka egin dute bart bosgarrenez, bertako udaletxetik Erresuma Batuko bandera kentzeagatik egiten ari diren protestetan. Molotov koktelak, golf pilotak eta adreiluak jaurti dizkiete poliziei.
Segurtasun indarrek ur kanoiak erabili dituzte manifestariak uxatzeko. "The Guardian" egunkariaren arabera, udaletxearen aurrean hasitako manifestazio baketsuaren ostean, objektuak botatzen hasi ziren manifestariak.
Ohikoa denez, kontakizun kontrajarriak daude. Unionisten arabera, eraso egin zieten eta erantzun egin zuten.
Denera, lau lagun atxilotu dituzte; lehengo astean istiluak hasi zirenetik, ehundik gora dira atxilotutakoak.
Matt Baggott Ipar Irlandako Poliziaren buruzagiaren arabera, 10 eta 11 urteko haurrek hartu dute parte liskarretan.
Lehengo asteko ostegunean istiluak hasi zirenetik, 52 polizia zauritu dira. Orain hilabete, Belfasteko udaletxeak (nazionalistak dira gehiengoa) bertan bandera britainiarra jartzeko ohitura bertan behera uztea erabaki zuen.
Lege berriaren arabera, urtean soilik 17 egunetan jarriko dute, betiere egun esanguratsuetan, Isabel erreginaren urtebetetze egunean esaterako.