Mundua -
AEB
Bin Ladenen gorpuaren argazkiak, argitara azkenik?
Auzitegi batek AEBetako Armadak gorpuari ateratako 52 argazkiak publiko egin edo ez aztertuko du.
Erredakzioak
AEBetako Apelazio Auzitegiko epaile talde bat Osama Bin Ladenen gorpuaren 52 argazkiak publiko egiteko eskaera bat aztertzen ari da.
Hain zuzen ere, Judicial Watch talde kontserbadoreak eskatu du argaziak argitaratzea. Etxe Zuriak, baina, errefusatu egin du beti, segurtasun nazionala arriskuan egon litekeela argudiatuta.
Hiru epaileren aurrean egindako agerraldi batean, Judicial Watch taldearen ordezkariek argazkiak publikatzeko edo hala egitea zergatik den arriskutsu azaltzeko eskatu dute.
Argazkiak AEBetako Armadak atera zituen, talde berezi batek Bin Laden akabatu eta gero, 2011ko maiatzean, Abbotabaden (Pakistan). Bin Ladenek buruan eta bularrean jaso zituen tiroak.
Abbotabaden atzeman zuten arte, Al Kaidako burua non zegoen misterioa izan zen. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, Afganistanen eta Pakistanen bilatu izan zuten batik bat.
AEBetako Gobernuaren arabera, Bin Ladenen gorpua ohitura islamikoen arabera tratatu zuten.
Iazko apirilean, James Boasberg epaileak errefusatu egin zuen argazkiak argitaratzea agintzea, Etxe Zuriak nahi zuen bezala, eta heriotza eta hileta nolakoak izan ziren azaltzea nahikoa dela argudiatu zuen.
Dena dela, Judicial Watch taldeak helegitea aurkeztu du, eta epaile talde batek aztertuko du.