Mundua -
30 hildako eta bi desagertu
Costa Concordiak urtebete egin du Italiako kostaldean hondartuta
Italiak iragarri duenez, 112.000 tonako gurutze-ontzia irailean aterako dute. Costa Concordia hondartuta geratu zen Giglioko bizilagunak "agurtzeko" kostaldera gehiegi hurbiltzeagatik.
Erredakzioa
Costa Concordia gurutze-ontziak urtebete egin du gaur Italiko Giglio irlako kostaldean hondartuta. Istripuaren ondorioz, 30 pertsona hil ziren eta beste bi desagertuta daude.
Urteurrena dela eta, zenbait ekitaldi antolatu dituzte iganderako. 21:45ean, adibidez, gurutze-ontzia hondartu zen ordu berean, meza ospatu eta minutu bateko isilunea egingo dute. Ondoren, irlako portuan dauden ontziek sirenak jo eta itsasora argiontziak botako dituzte.
Ezbeharraren urteurrenaren harian ere nolabaiteko polemika sortu da, Costa Concordiaren enpresak bizirik atera ziren 4.000 bidaiarien familiei bidalitako gutunagaitik. Gutun horretan Gigliora ez joateko gomendioa egiten die hildakoen familien sentimenduak errespetatu eta leku arazoak saihesteko.
Ingurumenari mehatxua
Gurutze-ontzia hondartu eta urtebetera, Giglioko bizilagunen kezka nagusia Costa Concordia kostaldean harrapatuta jarraitzen duela da. Hasieran, ontziak hainbat turista erakarri zituen, baina orain ingurumenarentzako mehatxua da, eta estekikoki ere ez da oso erakargarria.
Italiako agintariek asteartean iragarri dutenez, gurutze-ontzia irailean aterako dute. Hala ere, Gianni Onorato Italiako Costa Cruceros enpresako zuzendariak La Stampa egunkarian esandakoen arabera. 112.000 mila tonako ontzia abuztua hasi baino lehen aterako dute.
Bestalde, aurten istripuaren epaiketa hasteko asmoa dago, Grossetoko Fiskaltzak azken hilabeteetan ikerketei emandako bultzada eta gero.
Schettino kapitaina
Urtarrilaren amaieran, edo, gehien jota, otsailean, fiskalek 12 akusatuentzako epaiketa eskaera ofiziala egitea espero da. Akusatuen artean Francesco Schettino kapitaina dago; Schettino aske utzi zuten, zaintzapean, uztailaren 5ean.
Kapitainaren jokaera gogor kritikatu zuten Costa Concordioako bidaiariak ontzitik ateratzeko orduan, baina epaiketako beste gai nagusia Giglioko bizilagunak agurtu nahian gurutze-ontzia kostaldera gehiegi hurbildu zuen ala ez frogatzea izango da.