Mundua -
Erasoa Atenasen
Samarasen bulegoaren aurka tiro egin dute alderdiaren egoitzan
Poliziak jaurtigai bat topatu du lehen ministroaren bulegoan eta beste bat eraikinaren teilatuan.
Erredakzioa
Hainbat ezezagunek Andonis Samaras Greziako lehen ministroaren bulegoaren aurka tiro egin dute goizaldean, Demokrazia Berria alderdiaren egoitzan, Atenasen.
Simos Kedíkoglu Gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, kalashnikof fusilekin eraikinaren bigarren solairuaren aurka egin dute tiro, bertan baitago Samarasen bulegoa.
Poliziaren iturriek Efe agentziari esandakoaren arabera, jaurtigai bat topatu dute lehen ministroaren bulegoan eta beste bat eraikinaren teilatuan.
Ondoren, lapurtutako kotxe bat kiskalita topatu dute Faliro auzoan.
Azken asteetan hainbat eraso egon dira kazetarien, banketxeen eta alderdien aurka. Ostiral gauean hasi ziren erasoak etxean egindako bost bonba bost kazetari ezagunen etxeen aurka jaurti zituztenean.
Larunbatean, Demokrazia Berria alderdiaren bi eraikini eraso egin zieten, baita Pasok Gobernuko kide den alderdiaren egoitza bati ere.
Alderdiei ez ezik, banketxeei ere eraso egin diete, eta igande gauean, Gobernuko bozeramailearen anaiaren etxeko leihoak hautsi zituzten.