Mundua -
Aljeriako Gobernuaren arabera
Guztira 32 miliziano eta 23 bahitu hil dira gas plantaren erasoan
"Ekintza honi esker 685 langile aljeriar eta 107 atzerritar askatu ditugu", adierazi dute Aljeriako Barne Ministeriortik, APS albiste agentziaren arabera.
Erredakzioa
Aljeriako Barne Ministerioak In Amenaseko gas plantaren kontrako erasoaren azken balantzea egin du. Datuen arabera, 32 miliziano eta 23 bahitu hil dira. Kopuru horretan asteazkenean hasitako bahiketatik izandako hildako guztiak sartzen dira. Asteazkenean, talde islamiar batek BP petrolio-empresaren gas instalazioak indarrez hartu zituen, bertan zeuden langileak bahituta.
"Ekintza honi esker 685 langile aljeriar eta 107 atzerritar askatu ditugu", adierazi dute Aljeriako Barne Ministeriortik, APS albiste agentziaren arabera.
Barne Ministerioa bahitzaileez ere aritu da. Esan dutenez, bahitzaileak 32 ziren, horietariko hiru aljeriarrak. Gainera, lehergaietan adituak ziren batzuk ere bazeuden. "Talde terrorista Aljerian sartu zen inguruko herrialdeetatik etorrita. 32 ziren, hiru aljeriar eta lehergaietan adiruak tartean", azaldu dute.
Maliko operazioa
François Hollande presidentea eta Frantziako beste zenbait agintarik Aljerian gertatutakoa erabili dute Maliko operazioa justifikatzeko, terrorismoaren kontrako borrokaren izenean.
Maliko operazioak "beharrezkoa den denbora guztia iraungo du Afrikako inguru horretako terrorismoari gailentzeko", eta helburu horrekin ari dira eskualde horretako herrialdeekin Armada bat sortzen "ahalik eta lasterren lanean hasteko", esan du Hollandek Frantzian.