Mundua -
Etxe Zurian
Barack Obamak presidente kargua hartu du, ekitaldi pribatu batean
Joe Biden presidenteordeak goizean egin du karguaren zina. Obamaren eta Bidenen bigarren legegintzaldia 2017ko urtarrilean amaituko da.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak karguaren zina egin du, bigarren legegintzaldiaren hasiera ospatzeko egingo duten festan. Bigarren legegintzaldia langabezia tasa altuengatik eta politika fiskalen inguruko eztabaidengatik baldintzatuta hasi da.
Larunbatean, eta kargu-hartzearen atarian, Obama eta Michelle emaztea, Joe Biden presidenteordea eta kabineteko beste zenbait kiderekin batera, 'Zerbitzuaren Egunean' parte hartu zuten, boluntario lanak eginda. Ekitaldi horrekin AEBetako herritarrak boluntario-lanetan parte hartzera animatu nahi izan dituzte.
Igande honetan, eta Arlingtoneko hilerrian soldadu ezezagunaren hilobian lore eskaintza egin ostean, presidenteak karguaren zina egin du 17:55ean. Ekitaldi pribatua izan da, baina zenbait hedabide eta senitarteko bertan egon dira.
Ekitaldi publikoa, astelehenean
Obamak zina astelehenean errepikatuko du, jendaurrean, Kapitolioaren aurrean. Bi ekitaldietan, igandekoan eta astelehenekjoan, Obamak John Roberts Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egin du presidente karguaren zina.
Asteleheneko ekitaldian, Washingtonen, 800.000 pertsona inguru biltzea espero dute Obama presidentearen hitzaldia entzuteko. 2009an 1,8 milioi pertsona bildu ziren.
Bidenek kargua hartu du, jada
Joe Biden AEBetako presidenteordeak karguaren zina egin du, goizean, Barack Obamarekin batera beteko duen bigarren legegintzaldirako. Zina Sonia Sotomayor Justizia Auzitegi Goreneko epailearen aurrean egin du.
Ekitaldia AEBetako presidenteordearen egoitza ofizialean izan da, Itsas Ikuskaritzaren eremuan, Washingtoneko ipar-mendebaldean. Kargu-hartzean Bidenen familia eta 20 gonbidatu inguru izan dira.
Bidenek emazteak eskuetan zuen Bibliaren gainean egin du karguaren zina.