Mundua -

Hauteskunde eguna

Netanyahuk irabazi ditu Israelgo hauteskundeak, inkesten arabera

Erdiko alderdia bigarren geratuko litzateke, eta inkesten arabera berdinketa birtuala legoke eskuineko blokearen eta erdialde-ezkerreko blokearen artean. Parte-hartzeak markak hautsi ditu.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu, Israelgo hauteskundeak irabazteko faboritoa

2:24

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahuren hautagaitzak irabazi ditu Israelgo hauteskundeak, 31 diputaturekin, hauteslekuak itxi ondoren kaleratu diren lehen inkesten arabera. Bestalde, Yair Lapid kazetari ohiaren erdiko alderdia bigarren geratu da, informazio horiek jasotzen dutenez. Lehen inkesta horien arabera, berdinketa birtuala legoke eskuineko blokearen eta erdialde-ezkerreko blokearen artean.

Galdeketaren emaitzak jakin ondoren, koalizio ''ahalik eta zabalena'' lortzen saiatuko dela esan du Netanyahu lehen ministroak.

Parte-hartze handiena, 1999tik

Hauteslekuak ixteko lau ordu falta zirela, % 55,5ekoa zen parte-hartzea Israelgo hauteskundeetan, 2009an baino 5 puntu handiagoa. 1999tik parte-hartzerik handiena da gaurkoa, hauteskunde batzordeak jakinarazi duenez. Eguerdira arte, bozkatzera deituta dauden herritarren % 26,7k eman du botoa.

5,65 milioi israeldarrek zuten botoa emateko eskubidea astearte honetako hauteskundeetan, eta egunak ''normaltasunez'' egin du aurrera Israelen, eguraldi onak lagun.

''Kezka'' Netanyahuren alderdian

Markak hausteko modukoa izan da parte-hartzea Israelen, baina, hala ere, Benjamin Netanyahuren alde egin ohi duten eskualdeetan mobilizazioa ez da hain handia izan. Hori dela-eta, jarraitzaileei botoa ematera joateko dei egiten jarraitu du Israelgo lehen ministroak bukaera arte. "Dena bertan behera utzi eta botoa ematera joateko deia egin nahi diet Likud alderdiko jarraitzaileei'', esan du Netanyahuk gaur bertan. Gideon Sar Hezkuntza ministro eta Likud alderdiko kideak ere aitortu du ''kezkatuta'' zeudela ''ezkerraren aldekoak izan ohi diren eskualdeetako parte-hartze maila handia dela-eta''.

Netanyahu, faborito

Benjamin Netanyahu lehen ministroa zen faborito argia, alternatiba indartsurik ez dagoelako.

Israelgo hauteskundeak oso sutsuak izan ohi dira, eta israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren eztabaida pil-pilean izan da beti, baina, aurten, hautesleek eta iritzi publikoak ez dute interesik agertu, Netanyahuren garaipena segurutzat jotzen baitute denek, defizita aurrez ikusitakoa baino bi aldiz handiagoa bada ere (% 4,2koa), bake prozesua ez aurrera ez atzera badago ere, nazioartean Israel gero eta bakartuago badago ere eta Avigdor Lieberman Atzerri ministroa ustelkeria auzi batean inputatuta badago ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Gaurko titularrak Albisteak Israel albisteak azken ordukoa Hauteskundeak Ekialde Hurbila gaur Benjamin Netanyahu gaur