Mundua -
Liskarrak
58 hildako eta 95 zauritu, Venezuelako espetxe bateko matxinadan
Venezuela mendebaldeko espetxe bateko miaketaren ostean egon den matxinadan gertatu dira azken urteetan herrialdean egondako liskarrik bortitzenak.
Erredakzioa
Gutxienez 58 lagun hil eta 95 zauritu dira Venezuelako Lara estatuko espetxe batean egon den matxinadan, preso daudenen eta militarren arteko liskarretan.
Halaber, ez dute hildako gehiago egotea baztertzen. Presoen senitartekoak espetxearen kanpoaldera joan dira zer gertatu den eta presoak nola dauden jakitera. Zauritutakoak hiriko ospitale nagusira eta erietxe militarrera eraman dituzte poliziaren zaintzapean.
Miaketa
Bertako 07:30ak zirenean hasi zen espetxeko miaketa eta ordutik, tiroak eta leherketak egon dira.
Iris Varela Espetxe Zerbitzuetako ministroak miaketa justifikatu du; izan ere, "taldeen arteko kontu-garbitzeak areagotu egin dira azken egunetan", eta agintariak presoei armak kentzea erabaki dute.
Desarmerako hasi zuten miaketa, baina "matxinada" izan zen orduan, eta poliziaren eta taldeen artean borrokak hasi ziren.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak gertatutakoa deitoratu du Hugo Chavez presidentea bisitatzeko Habanara iritsi denean.
"Espetxeetan legeak izan behar du nagusi", esan du Madurok eta espetxeetako taldeekin amaitzeko Gobernuaren esku-hartzea justifikatu du.