Mundua -
Brasilgo diskotekako sutea
Diskotekako bi jabeak eta musika taldeko bi kide atxilotu dituzte
Aretoko bigarren jabeak Polizia aurrean aurkeztu du bere burua.
Erredakzioa
Kiss diskotekako bi jabeak eta Gurizada Fandangueira musika taldeko bi kide atxilotu ditu Brasilgo Poliziak, igande goizaldean Brasilgo Santa Maria hirian piztutako sutea dela-eta. Sute horren ondorioz 231 lagun hil ziren eta 112 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, zaurituta.
Poliziak diskotekako jabeetako bat eta bi musikariak atxilotu ditu, eta aretoko beste jabea atxilotzeko agindua ere eman du. Hark, ondoren, Polizia aurrean aurkeztu du bere burua.
Diskotekak, dirudienez, ez zuen jarduteko baimenik.
Gurizada Fandangueira taldeari, bestalde, arduragabekeriazko homizidioa egotzi diezaiekete, Sandro Meinerz ikerketako arduradunaren arabera.
Taldekideetako batek bengala bat piztu zuen, ustez, eta horrek soinua isolatzeko sabaian zegoen material isolatzaileak su hartzea eragin zuen. Suteak jende-oldea eragin zuen eta denera 231 lagun hil dira.
"Taldearen ekintza horrek sutea eragin zuen eta hori egin zitekeen ala ez frogatu beharko da orain", azaldu du Meinerzek, nahiz eta ez duen argitu Poliziak jada taldeko kideei galdeketa egin dien ala ez.
Danilo Jaques taldeko soinu-jotzailea hil egin da, taldekideek esan dutenez.
231 hildakoen zerrenda ofiziala
Dagoeneko argitaratu dute 231 hildakoen zerrenda ofiziala. Horietatik gutxienez 100 Santa Maria Unibertsitate Federaleko ikasleak ziren.
Bestalde, ehunka lagun daude ospitaleetan, eta agintariek odola emateko deia egin diete herritarrei eta boluntario gisa laguntzeko eskatu diete osasun arloko profesionalei.
Hasi dira biktimak lurperatzen
Samina nagusi dela, hasi dira Brasilen biktimak lurperatzen. Gehienak Santa Maria hirian bertan lurperatuko dituzte, baina zenbait gazteren hilotzek inguruko herrialdeetara egin beharko dute bidaia; izan ere, sutearen ondorioz hildakoetako asko bertako Unibertsitatean ikasten zeuden inguruko herrialdeetako gazteak dira.
Larrialdietarako irteera bakarra
Azken 50 urteetan Hego Amerikan gertatu den horrelako tragedia handiena izan da. Santa Maria herriko Kiss diskotekan piztu zen sutea 02:00etan, musika talde baten saioa baino lehen. Santa Maria Unibertsitate Federaleko ikasleek antolatu zuten jaia.
Bertan zeudenek ezin izan zuten diskotekan zegoen larrialdietarako irteera bakarretik berehala irten eta tragedia gertatu zen. Suhiltzaileek zulo bat egin behar izan zuten paretan jendea azkarrago ateratzeko.
Testuinguru honetan, Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak hiru dolu-egun ezarri ditu eta Txilen egiten ari diren Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoen bilera utzi eta Brasilera itzuli da.
Suteen prebentziorako planik gabe
Humberto Viana Defentsa Zibileko idazkari nazionalak "Folha" egunkarian esan duenez, suteen prebentziorako planak abuztuan galdu zuen balioa. Halaber, diskotekaren lizentziak ere abuztuan galdu zuen balioa, nahiz eta Kiss diskotekako jabeetako batek berritzeko izapideak egiten ari zirela ziurtatu duen.