Mundua -
Guillermo printzipean
Beatriz Herbehereetako erreginak abdikatu egin du
Apirilaren 30etik aurrera, Gilen printzea (Maxima Zorreguietarekin ezkonduta dago) izango da estatuburua.
Erredakzioa
Beatriz Herbehereetako erreginak abdikatu egin du, tronuan 33 urtez izan ostean. Ondorioz, apirilaren 30etik aurrera, Gilen printzea (Maxima Zorreguietarekin ezkonduta dago) izango da Estatuaren burua.
Beatriz Herbehereetako erreginak hitzaldi bat eman du telebistan, ezustean, baina oraindik ez dute horren aurrerapenik eman. Gaur bertan grabatu dute, Beatrizek urtarrilaren 31n 75 urte bete baino zertxobait lehenago.
Beatriz erregina 1980an sartu zen tronuan, haren amak, Juliana erreginak, abdikatu ostean, 71 urte betetzean.
“Irribarredun Printzesa”
Beatriz Wilhelmina Armgard Orange-Nassaukoa Hagan jaio zen, 1938ko urtarrilaren 31n, eta Juliana printzesaren eta Bernart Lippe-Biesterfeldekoaren lau alabetako lehena izan zen.
Bigarren Mundu Gerran, Herbehereetako errege-familia Kanadan joan zen, babes bila, Ingalaterran denbora bat pasatu ostean, eta, 1945ean, herrialdera itzuli zen.
1948ko irailean, oinordeko izendatu zuten, haren ama Herbehereetako erregina izendatu ostean, eta, 1956an, 18 urte betetakoan, Estatuko Batzordean sartu zen, Altxor Publikoaren soldata jasota, Koroaren oinordeko gisa.
"Irribarredun Printzesa" moduan da ezaguna, eta 1966an ezkondu zen Claus van Amsberg alemanarekin (2002an hil zen). Hiru seme-alaba izan zituzten: Gilen printzea (1967), Friso (1968) eta Konstantino (1969).
Estatuko buruzagitza, Gilen printzearentzat
Apirilaren 30etik aurrera, Guillermo printzeak (Maxima Zorreguietarekin ezkonduta dago) izango du Estatuko buruzagitza.
Bikoteak hiru alaba ditu; Amalia (2003), Alexia (2005) eta Ariane (2007). Herbehereetako Errege Familiako zatirik ospetsuena da, Maximaren naturaltasunari esker batez ere.