Mundua -
Guadalajara
Bederatzi urteko haur batek umea izan du Mexikon
Haurra zortzi urterekin geratu zen haurdun, eta baliteke sexu-eraso baten ondorioz geratu izana.
Erredakzioa
Bederatzi urteko haur batek umea izan zuen Mexikon urtarrila amaieran eta osasun egoera onean dago, ospitaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Haurraren nortasunaren inguruko informaziorik ez dute eman, izan ere, baliteke sexu-eraso baten ondorioz geratu izana haurdun.
Enrique Rabago Osorio Guadalajarako ospitaleko zuzendariak azaldu duenez, Ixtlahuacango haurra 8 urterekin geratu zen haurdun.
Urtarrilaren 27an joan zen Occidente ospitalera, eta han zesarea egin behar izan zioten.
Ospitaleko medikuen aginduz, haurraren amak kasua salatu zuen Justiziaren aurrean, izan ere, bortxaketa, sexu-eraso edo adingabeen galbideratze kasu gisa epai dezakete auzia.
17 urteko aita
Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez, ikerketa abiatu dute ustezko aita (17 urtekoa) bilatzeko eta haurrarekin duen harremanaz argibideak emateko.
Amak Fiskaltzari azaldu dionez, mutikoak onartu egin zuen haurrarekin bizitzea, baina neskatoak uko egin zion. Orduan, mutikoak etxetik alde egin zuen beste estatu batera, lan bila.
Fiskaltza gaztearen bila ari da, haurra bortxatzeagatik 20 urte arteko kartzela-zigorra ezar baitiezaiokete.