Mundua -
Hauteskunde-eguna
Hauteslekuak itxi dituzte Ekuadorren, Correa faborito nagusi dela
Presidentea, presidenteordea eta Batzorde Nazionaleko parlamentariak hautatzeko, boza emateko eskubidea dute gaur 11 milioitik gorako ekuadortarrek.
Erredakzioa
Domingo Paredes Ekuadorreko Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak presidentetzarako eta Legebiltzarreko hauteskundeei hasiera eman die igande eguerdian.
Hauteslekuak bertan 07:00ak zirenean ireki dituzte eta hamar orduz egon dira zabalik, Euskadiko 23:00ak arte. Presidente izateko hautagaiek bozketan "parte hartzeko" eta "Ekuador hobe bat lortzeko optimistak" izateko deia egin dute hauteskunde egunean zehar.
49 urteko Rafael Correa Ekuadorreko presidentea da faboritoa presidentetzarako hauteskundeetan gailentzeko. Horrela, Correak marka hautsiko luke, 2007tik baitago boterean.
Azken inkesten arabera, Correak 38 eta 51 puntuko aldea aterako dio Guillermo Lasso hautagaiari. Ekuadorreko egungo presidentea ekonomialari ezkertiarra eta Hugo Chavez Venezuelako presidentearen aldekoa da.
Litekeena da Correak boterea sendotzea eta gaurko hauteskundeak irabaztea, gastu handiari eta inbertsio publikoari esker, Ekuadorreko egoera ekonomiko onuragarriak lagunduta.
76.000 soldadu eta polizia
11,6 milioi ekuadortarrek izan dute boza emateko eskubidea, presidente, Batzorde Nazionaleko 137 kide eta Andeetako Parlamenturako Ekuadorreko bost ordezkari aukeratzeko. 76.000 soldaduk eta polizia-agentek, eta Ameriketako Estatuen Erakundeko, Hego Amerikako Nazioen Batasuna eta Liga Arabiarraren 320 bat begiralek zaindu dute hauteskunde-eguna.
18 urtetik gorako eta 65 urtetik beherako herritarrentzat boza ematea derrigorrezkoa da Ekuadorren (hainbat salbuespenekin). Atzerrian bizi diren ekuadortarrentzat, eta Segurtasun Indarreko eta Polizia Nazionaleko agenteentzat, berriz, hautazkoa da.