Mundua -
Chavez Twitter
Etxe bat, Chavezen Twitterreko lau milioigarren jarraitzailearentzat
Hugo Chavezen Venezuelara itzuli den honetan, Gobernuak etxe bat oparitu dio presidentearen Twitterreko kontuaren lau milioigarren jarraitzaileari.
Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak etxe bat oparitu dio Hugo Chavez presidenteak Twitterren duen kontuaren lau milioigarren jarraitzaileari. Izan ere, etxera itzuli zela sare sozial horretan iragarri zuenean, "izugarri igo zen" @chavezcandanga kontuaren jarraitzaile kopurua .
"Zu heldu zara, behar hori duzu, seguruenik zure familiak, zure amak, Etxebizitzaren Misio Handiaren zirkuituan izena eman du, eta orain izapideak bizkortu egin dira gaur Jainkoak argiztatu eta bedeinkatu egin zaituelako", adierazi zion Nicolas Maduro presidenteordeak irabazleari.
Gobernuak ospakizun txiki bat eskaini zion Alemar Rosnaty 20 urteko ikasleari Miraflores Jauregian, presidentearen lau milioigarren jarraitzailea izateagatik.
"Zure etxebizitza izango duzu ikasten jarraitzeko, eta zure amak ere opari bat izango du: Gobernuaren programa batean josle bezala lan egitea", iragarri zion Madurok.
Iazko maiatzean, @chavezcandanga kontuaren hiru milioigarren jarraitzaileak ere etxe bat jaso zuen. Kasu horretan, Natalia Valdivieso 19 urteko emakumea izan zen irabazlea.
Telebistatik emandako Ministroen Kontseilu batean, Maduro harro agertu da, Chavez etxera itzuli ostean, presidenteak Twitterren duen profilean asko igo delako jarraitzaile kopurua.
"Lau milioi historiarako, Chavez gure komandantea etxera bueltatu denean. Otsailaren 18an, Twitter izugarri igo da, izugarri, inoiz baino gehiago", nabarmendu zuen presidenteordeak.
Azken mezua igorri zuenetik hiru hilabete eta erdira, Chavezek @chavezcandanga kontua aktibatu zuen berriro atzo. Hala, Kubatik Venezuelara bueltatu zela iragarri zuen presidenteak.
"Itzuli egin gara Venezuelako aberrira. Eskerrik asko, ene Jainkoa!! Eskerrik asko, herri maitea!! Hemen jarraituko dugu tratamenduarekin", esan zuen Chavezek, txio batean.
Gobernuak jakinarazi duenez, Chavezek zailtasunak ditu egun, hitz egiteko. Izan ere, abenduaren 11n minbiziaren aurkako ebakuntza egin ziotenetik, arnasa hartzeko arazoak ditu.
"Munduko bigarren presidenterik jarraituena da", azpimarratu zuen Madurok, Barack Obama AEBetako presidentea jarraitzaile gehien dituena dela gogora ekarri ostean. Obamak 27 milioi jarraitzaile ditu.
Hala ere, herrialde bakoitzaren biztanle kopurua kontutan hartuta, Venezuelak AEBetako biztanleria osoa edukiz gero Chavezek "hainbat milioi jarraitzaile gehiago" izango lituzkeela uste du Madurok.
Chavezek 2010eko apirilaren 27an sortu zuen kontua Twitterren. Orduz geroztik, hainbat funtziotarako erabili du tresna hori, hala nola ministroen aldaketak iragartzeko, Gobernuaren erabakiak adierazteko eta bere osasun egoeraren berri emateko.
2010eko maiatzean, gainera, "gizarte programa" izendatu zuen bere kontua. Hala, herritarren galdera guztiei erantzuteko erabiltzen dute. 200 funtzionario daude horretan lanean.