Mundua -

Hugo Chavez hil da

Horrela jarraitu dugu Chavezen heriotzaren biharamuna

Hugo Chavezen jarraitzaileek Caracaseko kaleak hartu dituzte, presidenteari azken agurra emateko. Evo Moralesek eta Nicolas Madurok ere segizioarekin bat egin dute.

Hugo Chavezen jarraitzaileak kalera atera dira eta fideltasuna agindu dute. EFE
Hugo Chavezen jarraitzaileak kalera atera dira eta fideltasuna agindu dute. EFE
Milaka lagunek Chavez agurtu dute Caracasen

1:20

G.P./E.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20:00. Jendetza bildu da kaleetan, Chavezi azken agurra emateko, eta dolua eta samina izan dira nagusi Caracaseko kaleetan. ''Betiko maiteko zaitut, aita'' , irakur zitekeen karteletako batean. "Ene, nire Chavez... Nire Chavez", esan du, negarrez, 69 urteko emakume batek kalean.

19:00. Hugo Chavezen jarraitzaileek hiru ordu daramatzate dagoeneko Caracaseko kaleetan presidenteari azken agurra ematen.

18:36. NBEren Segurtasun Kontseiluak minutu bateko isilunea egin du.

18:31. Portugaleko presidenteak dolumina helarazi dio Venezuelari, eta bi herrien arteko ''harreman estuak'' azpimarratu ditu.

18:20. Serbiak domina emango dio Chavezi, Serbiaren eta Venezuelaren arteko elkarlanaren alde egindako lanagatik. Kenyako presidenteak ere atsekabea agertu du Chavezen heriotzagatik.

18:17. Etenik gabe, Chavezen heriotzak nazioarteko ordezkarien erreakzioak eragin ditu: Bachar al Asad Siriako presidenteak esan du Chavezen heriotza ''galera pertsonal handia'' dela.

18:15. Ez dute jakitera eman Hugo Chavez non lurperatuko duten.

18:00. Hugo Chavezen hil-kapera Akademia Militarrean irekiko dute. Ostegunera arte, hildakoa beilatuko dute bertan, eta ostiralean egingo dute hileta. Venezuelako Gobernuak zazpi dolu-egun deitu ditu.

17:26. Evo Morales Boliviako presidentea izan da Venezuelara iritsi den lehen agintarietako bat. Segizioarekin bat egin du.

Evo Morales Nicolas Maduro EFE

(Evo Moralesek eta Micolas Madurok segizioarekin bat egin dute.EFE)

17:17. Segizioarekin bat egin duten milaka lagunen artean Nicolas Maduro dago. Erregeak dolumina agertzeko telegrama bidali dio Madurori, eta, bertan, Chavezek bere herriarekiko beti agertu zuen ''ardura'' azpimarratu du erregeak.

17:10. Milaka lagun bildu dira hilkutxa daraman autoaren inguruan. Lore horiz eta zuriz estali dute.

Despedida-Chavez-EFE

(Milaka lagun bildu dira kaleetan, Chavezi azken agurra ematera. EFE)

17:00. Chavezek berak Kubara joan aurretik, abenduaren 8an, abestutako "Patria, patria, patria querida, tuya es mi alma, tuyo es mi amor..." soinuarekin ekin dio bideari hilotzak.

16:36. Ohorezko guardiek bizkarrean atera dute Chavezen hilkutxa, Akademia Militarrera bidean. Jendetza bildu da Caracaseko kaleetan, Hugo Chavezi agur esateko.

16:15. Himnoa lagun, eta Venezuelako banderarekin estalita, ospitaletik irten da hilkutxa, Akademia Militarrera bidean. Ibilbidea hasi aurretik, omenaldia egin diote.

14:30. Venezuelako Indar Armatu Bolivartarrak, Poliziarekin batera, herrialde horretako "zona kritikoetan" segurtasun neurriak areagotu ditu. Bestalde, Wilmer Barrientos jeneralak azpimarratu du militarrak "batuta" daudela une latz honetan.

13:00. Venezuelako Indar Armatu Bolivartarrak 21 kanoikadako salba joz hasi du Hugo Chavezen agurra. Hemendik aurrera, eta datorren ostiraleko hileta egin arte, orduro kanoikada bat joko dutela iragarri dute.

12:30. Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea eta Jose Mugica Uruguaiko presidentea Caracasen dira jada, Hugo Chavezi azken agurra emateko. Datozen orduetan beste hainbat agintari iritsiko direla espero da. Hileta datorren ostiralean izango da.

12:15. Mariano Rajoy: "Venezuelako pertsonarik eragin handikoena zen, baina Espainiako Gobernuak lanean jarraituko du bi herrialdeen arteko harremanak sendotzeko".

12:05. Israelgo Gobernua: "Ez dugu ezer esateko". Israelgo Kanpo gaietarako Ministeriok uko egin dio Hugo Chavezen heriotzari buruzko adierazpenik egiteari. 2009ko urtarrilean Venezuelak Israelekin zituen harreman diplomatikoak bertan behera utzi zituen.

12:00. Palestinako Agintaritza Nazionala: "Lagun leial bati agur esan nahi dio Palestinak. Gure askatasuna eta gure erabakitzeko eskubidea sutsuki babestu zituen. Duintasunaren aldeko borrokari egin zion ekarpena mugagabea izan zen eta arabiarren bihotz eta buruetara heltzea lortu zuen".

11:55. Vladimir Putin (Errusia): "Nire doluminik sentikorrenak helarazi nahi ditut Hugo Chavezen heriotzaren aurrean. Buruzagi ezohikoa izan zen, Errusiaren lagun handia".

11:50. Txinako Gobernua: "Hugo Chavez buruzagi handia izan zen, Txinako herriaren lagun bat".

11:45. Mahmud Ahmadineyad (Iran): "Borrokalari eta iraultzaile guztien sinboloa da Hugo Chavez".

11:40. Ban Ki-moon (NBE): "Chavez presidentearen sendiari doluminak igorri nahi dizkiot, baita Venezuelako herritarrei eta bertako Gobernuari".

Hugo Chavezen heriotza efe

(Hugo Chavezen jarraitzaileak kalera atera dira eta fideltasuna agindu diote zendutako buruzagiari)

11.35. "Europar Batasunak bere atsekabea adierazi nahi du Hugo Chavezen heriotzaren aurrean. Venezuelaren garapen soziala eta Hego Amerikaren integrazioa lortzeko egin zuen lana ezinbestekoa izan da", adierazi dute agiri batean Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak.

11:30. Juan Manuel Santos (Kolonbia): "Gure Gobernuaren eta FARCen arteko bake-prozesuan erakutsi zuen dedikazioa eta mugarik gabeko konpromisoa eskertu behar ditugu".

11:35. Ollanta Humala (Peru): "Venezuelako herritarrei elkartasuna helarazi nahi diet. Une latz honetan batasuna eta hausnarketa beharrezkoak dira, gertakariak modu baketsuan eta demokratikoki bideratzeko".

11:30. Enrique Peña Nieto (Mexiko): "Nire doluminik sentikorrenak Hugo Chavezen familiari eta Venezuelako herriari".

11:25. Mauricio Funes (El Salvador): "Venezuelak presidente bat baino gehiago galdu du; abertzalea, pentsalaria eta eraldatzailea izan zen. Bere herriarentzat gobernatu zuen eta botere eskuratu aurretik Venezuelan bizi zen bazterketa soziala gainditzea lortu zuen".

11:20. Rosario Murillo, Nikaraguako lehen dama: "Agintari ezohikoa izan zen eta inoiz hilko ez den hildakoa izango da".

11:10. Laura Chinchilla (Costa  Rica): "Une zail hauek gainditzeko Venezuelako herritarrek indar nahikoa eta batasuna izango dutela espero dugu".

11:00. Ekuadorreko Gobernua: "Amerikan historikoa izan den prozesuaren buruzagia izan zen Hugo Chavez".

Hugo Chavez Raul Castro Cuba EITB

(Hugo Chavez eta Raul Castro, Kuban)

10:50. Raúl Castro: "Kubak betiko leialtasuna izango dio Chavezen memoriari eta haren ideiei eutsiko die: indar iraultzaileen batasuna eta gure Amerikaren integrazioa eta independentzia".

10:40. Dilma Rousseff (Brasil): "Latinoamerikar guztiak triste gaude. Hugo Chavezen heriotzak gure bihotzean hutsune bat utziko du, baita historian eta borroka iraultzailean ere".

10:30. Barack Obama (AEB): "Ameriketako Estatu Batuek bere babesa adierazi nahi die Venezuelako herritarrei. Era berean, Venezuelarekin harreman eraikitzaile bat garatzeko prestutasuna agertu nahi dugu".

10:20. Evo Morales (Bolivia): "Chavez kide eta anaiari egin diezaiokegun omenaldirik onena batuta egotea da. Batuta, duintasunaren alde; batuta, gure askatasunaren alde; batuta, munduko herrien elkarlanaren alde".

10:15. Jose Mugica (Uruguay): "Chavezen heriotzaren aurrean nire atsekabea adierazi nahi dut. Venezuelako herritarrengan, bertako Gobernuarengan eta Chavezek eraiki zuen demokraziaren sendotasunean konfiantza osoa dudala ere argi utzi nahi dut".

10:00. AEBetako Gobernuak "astakeriatzat" jo ditu Nicolas Madurok egindako adierazpenak. Venezuelako presidenteordearen hitzetan, Hugo Chavezen gaixotasuna "gure aberriaren etsaiaren eraso baten ondorio izan da".

09:45. Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak, Evo Morales Boliviakoak, Cristina Fernandez Argentinakoak, Jose Mujica Uruguaykoak eta Ollanta Humala Perukoak iragarri dutenez, Caracasera joango dira datozen orduetan Chavezen hileta-elizkizunetan parte hartzera, eta beste herrialde batzuetan dolu egunak ezarri dituzte.

09:30. Venezuelako Gobernuak "zazpi eguneko dolu ofiziala" deitu du Hugo Chavezen heriotzagatik. Hugo Chavezen gorputza Akademia Militarrera eramango dute, bertan izango baita Estatuaren ekitaldi ofiziala.

09:15. Venezuelako Gobernuak esan du Hugo Chavezen heriotza "kolpe latza" izan dela, baina herrialdean "normaltasuna" nagusi dela. Ildo horretan, bakea eta egonkortasuna mantentzeko deia egin die herritarrei.

Chavezen heriotza Capriles efe

(Henrique Capriles Venezuelako oposizioaren buruzagia)

09:10. Henrique Capriles Venezuelako oposizioaren buruzagiak bere doluminak igorri dizkie Hugo Chavezen sendiari, lagunei eta jarraitzaileei, eta bakea eta Konstituzioarenganako errespetua eskatu ditu.

"Arerioak izan ginen, baina inoiz ez etsaiak. Bere familiaren, bere lagunen eta Venezuelako herritar asko eta askoren samina ulertzen dut. Horientzat guztientzat gure doluminik sentikorrena", erantsi du.

09:00. Milaka herritar kalera atera dira Venezuelan, Hugo Chavez omentzeko. Bere aldeko pankartak eta kantuak nonahi ikusi eta entzun  ahal dira. Fideltasuna agindu dute Chavezen jarraitzaileek.

Hugo Chávez

(Hugo Chavez, bere alabak alboan dituela)

Hugo Chavez Venezuelako presidentea bart hil da, duela 20 hilabete antzeman zioten minbiziak jota. "Gaur, martxoaren 5eko 16:25ean, Hugo Chavez komandantea hil da", hala jakinarazi du berria Nicolas Madurok, erabat hunkituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea