Mundua -
Hugo Chavezen heriotza
Martin Garitano Hugo Chavezen omenaldian izango da
Bestalde, Asturiasko Printzeak ordezkatuko du Espainia ostiral honetan egingo den hiletan.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Hugo Chavez Venezuelako presidenteari Caracasen ostiral honetan egingo dioten omenaldian izango da. Sortuko ordezkaritza baten partaide gisa joango da Garitano Venezuelara, eta ez Gipuzkoako ahaldun nagusi gisa.
Sorturen ordezkaritzaren baitan joango da, alderdi horrek agiri baten bidez jakitera eman duenez. Asier Altuna izango da berarekin, Sortuk Ameriketan daukan nazioarteko harremanetarako arduraduna baita.
Alderdi independentistak Hugo Chavezen irudia goraipatu nahi du haren omenaldian parte hartuta. "Latinoamerikaren integrazioa lortzeko eta XXI. mendeko sozialismoa eraikitzeko borrokalari nekaezina izan zen".
"Gizarte justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko lan eskerga egin zuen, bai Venezuelan baita nazioartean ere", erantsi du Sortuk.
Chavezen heriotza dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Venezuelako bandera jarri du jauregiko balkoietako batean, haga erdian. Ikurrina ere haga erdian dago.
Espainiaren ordezkaritza
Bestalde, Hugo Chavezen hiletan Asturiasko Printzea izango da Espainiaren ordezkari nagusia. Jesus Garcia Iberoamerikarako Estatu idazkaria ere joango da, Moncloako iturriek jakinarazi dutenez.
Zazpi orduko martxa
Milaka lagunek Caracaseko kaleak hartu zituzten atzo, Hugo Chavez presidenteari agur esateko. Chavezen hilotza Akademia Militarrera eraman zuten, eta bertan hil-kapera jarri zuten. Milaka lagunek hilkutxarekin batera egin dute ibilbide hori, zazpi orduz, Caracaseko kaleetan.
Hugo Chavez Venezuelako presidentea asteartean hil zen, duela 20 hilabete antzeman zioten minbiziak jota. "Gaur, martxoaren 5eko 16:25ean, Hugo Chavez komandantea hil da", hala jakinarazi zuen berria Nicolas Madurok.