Mundua -
Hilkutxaren lekualdaketa
Venezuelak Hugo Chavezi azken agurra eman dio
"Chavez ez zen diktadore bat, bere irizpideak inposatzen ez zituelako", adierazi du Evo Morales Boliviako presidenteak Caracasen.
Erredakzioa
Milaka pertsonek Caracaseko kaleak hartu dituzte berriro ostiral honetan. Hugo Chavez presidentearen hilkutxa Iraultzaren Museora eraman dute. Zerraldoa, Simon Bolivar askatzailearen ondora, Panteoi Nazionalera eraman bitartean gorpua bertan egongo da.
Caracaseko Akademia Militarrean meza egin ostean, Hugo Chavez Venezuelako presidentearen gorpuzkiak daramatzan hilkutxaren tokialdatzea egin dute. Martxoaren 6tik aurrera milaka herritarrek agintariari agur esan diote Akademia Militarrean.
Zalditeriako soldaduek hilkutxa egoitza militarreko patiora eraman dute, eta mila kadete baino gehiagok ohore egin diote bertan.
Ondoren hiriburuko kaleetatik Mendiko Kuartelera eraman dute. Agintariaren gorpuzkiak nola eta non hilobiratu erabaki bitartean Chavezen hilkutxa bertan egongo da.
Elena eta Hugo de los Reyes hildako estaburuaren gurasoek, senitartekoek, funtzionariek, buruzagi militarrek eta eskolta pertsonalak karabana lagundu dute. Hilkutxa Venezuelako banderarekin estali dute, eta ereserkiarekin eta kanoi salbekin ohore egin diote.
"Aberri maitea"
Hilkutxak patio militarrean ibilbidea egin du', eta Chavezen senitartekoek karabana jarraitu dute, kadeteek "Aberri maitea" abesten zuten bitartean. Chavezek abesti berdina kantatu zuen bere azken mezuan, abenduaren 8an.
Ondoren zerraldoa hil-auto batean sartu dute Mendiko Kuartelera eramateko.
Evo Morales: "Chavez ez zen diktadore bat"
"Chavez ez zen diktadore bat, bere irizpideak inposatzen ez zituelako", adierazi du gaur Evo Morales Boliviako presidenteak Caracasen. Bestalde, jarraitzaileen "inspirazio iturri" izaten jarraitzeko eskatu dio Moralesek Chavezi.
"Gure etsaiek diktadore bat zela esaten zuten (...) baina proposamenak eztabaidatzen genituenean, beti arrazoia nagusitzen zen, arrazoia Evok zuenean hurrengoa esaten zidan: 'indiar hau jakintsua da' (...) eta horrela proposamena onartzen zuen. Irizpideak inposatzen zituen lankide edo anaia ez zen, arrazoiak onartzen zituen, Hugo anaia hura zen", esan du Moralesek Chavezen hilkutxaren aurrean.