Mundua -
Estatu kolpea
Djotodiak bere burua presidente izendatu du Afrika Erdiko Errepublikan
Presidente berriak etxeratze-agindua ezarri du herrialde osoan eta François Bozize orain arteko presidenteak Kongora ihes egin duela zabaldu dute albiste agentziek.
Erredakzioa
Michel Djotodia Seleka koalizioko buruzagiak bere burua presidente izendatu du Afrika Erdiko Errepublikan, Bangui hartu ostean.
Seleka koalizioko errebeldeek Afrika Erdiko Errepublikako Bangui hiriburua hartu dute igande honetan, eta François Bozize presidenteak Kongora ihes egin duela zabaldu dute albiste agentziek.
Gaur goizean sartu dira hiriburura errebeldeak, eta segituan mendean hartu dituzte parlamentua, presidentearen jauregia, polizia-etxeak eta irrati publikoaren egoitza. "Pizkundearen parlamentua hartu dugu, eta ingurua babesten ari gara orain", adierazi du Arda Hakouma Selekako buruak irrati bidez.
Lehen orduan hasi dituzte borrokak Bangui hiriburuan, eta tiro hotsak eta arpilatzeak izan dira goizean zehar. Hala ere, kaosa da nagusi hiriburuan, eta informazioa nahasia da.
Frantziak Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera eskatu zuen atzo.
Gatazkaren historia
Selenka koalizioko errebeldeek presidentearen dimisioa eskatzen dute, euren ustez ez baitira bake akordioetan adostutako baldintzak bete. Errebeldeek su-etena ematea eta trukean batasuneko trantsizioko gobernua osatzea adostu zuten urtarrilean.
Ostegunean abiatu zuten ofentsiba errebeldeek, baldintzak betetzeko presidenteari emandako epea amaitu ostean.
Lau errebelde taldek osatzen dute Seleka koalizioa, eta, besteak beste, preso politikoak askatzea edota errebeldeak armadan sartzea eskatzen dute.