Mundua -
Hauteskundeak Venezuelan
Madurok eta Caprilesek gorrotoa zabaltzea leporatu diote elkarri
Apirilaren 14ko Presidentetzarako hauteskundeetarako hautagai nagusiek eskari bera egin diote Jainkoari: herrialdea aurkariaren “gaiztakeriatik” babestea.
Erredakzioa
Apirilaren 14an, Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Venezuelan, Hugo Chavezen ondorengoa hautatzeko. Hautagai nagusiak Nicolas Maduro bitarteko presidentea eta Enrique Capriles oposizioko burua dira. Herrialdean gorrotoa sortzea leporatu diote biek elkarri, eta eskari berbera egin diote biek Jainkoari: aurkariaren "gaiztakeriaz" babestea.
Madurok eta Caprilesek atzo Erramu igandea izan zela gogoratu eta bakoitzak babesten duen herriagatik otoitz egin zuten. Madurok, gainera, Lara estatuan elkartu ziren jarraitzaileekin batera, Gure Aita otoitz egin zuen Hugo Chavez zendutako presidentearen omenez.
"Orain, gorrotoaren alderdiek eta gorrotoaren hautagaiak herriaren kontra bideratzen dute euren kanpaina (...) gorroto horren aurka eta obsesio horren aurrean, va de retro Satan esaten diogu, urrundu zaitez zure gorrotoarekin, zure gorrotoak laban egiten dit", esan zuen Madurok. Chavezek hautagai aukeratu zuen hil baino hiru hilabete lehenago.
Chavezen herria komandanteari leiala izan behar zaiola adierazi zuen bitarteko presidenteak, nahiz eta Gobernuak akatsak izan. Horrekin batera, Gobernua eta oposizioa alderatu zituen. Hala, lehenengoari "alaitasunaren iraultza" deitu zion, eta, bigarrenari, berriz, "gorrotoaren eta gaiztakeriaren kontrairaultza".
Oposizioari dagokionez, Madurok esan zuen horiek "eskumaren hipokritak" direla, "saminduak eta obsesionatuak, badakitelako herri matxinatu honek kolpe historiko bat emango diela apirilaren 14an".
(Otoitz egin zuten atzo zendutako Hugo Chavezen omenez. EFE.)
Madurok, hauteskundeak berak irabaziko dituela esateaz gain, Vladimir Putin Errusiako presidentearen gutun bat irakurri zuen. Horretan, gutun bat irakurri zuen, gasa ekoizten duten herrialdeek uztailean egingo duten goi-bilerara gonbidatu duela jakinarazteko. Gainera, ekainaren 28an Mercosurren presidentetza hartuko duela iragarri zuen, agintari hautatu moduan.
"Ekainaren 28an Mercosur elkartean buru izango gara", adierazi zuen 50 urteko hautagaiak.
Capriles, oposizioaren burua
Caprilesek, bere aldetik, Yaracuy eta Lara estatuetan kanpainaren ekimenak burutu ditu. Horietan, "fedea egunero indartzen duen pertsona sinesteduna" dela eta "kristautasunaren norabidera" jotzen duela adierazi zien jarraitzaileei.
"Kristok dena eman zuen gugatik, orain zuei egokitzen zaizue dena ematea Venezuelagatik", esan zuen.
"Horren aurrean, ozen esan behar dugu (...) zuetako bakoitzak gaiztakeriaren eta gorrotoaren horma eraisteko ahalmena duela", adierazi zuen Caprilesek.
40 urteko abokatuak salatu zuenez, presidentea hil zenetik gobernatzen dutenek ez dituzte herritarren arazoak konpondu nahi, "botereari gogor heldu nahi diote", eta, horretarako, "zendutako buruzagiaren irudia erabiltzen dute".
(Capriles atzo Herritarren Asanbladan. EFE)
"Nicolas herria apurtzen ari da (...) ezer egiten ez duen Gobernu bat daukagu. Zer proposatzen du Nicolasek? Chavezen irudia, besterik ez. Presidente zenaren irudia jarri eta atzean jartzen dira", adierazi zuen Larako ekimenean.
Gobernuak presidentearen osasunari buruz herriari gezurrak esan zizkiola azpimarratu zuen berriro Caprilesek. Horren eraginez, Chavezen familiak eta Kabineteak salaketa horiek gogor kritikatu zituzten.
Oposizioko buruak Maduro aipatu zuen zuzenean eta "gezurti" deitu zion. Gainera, herriaren arazoak ustez konpondu zituztenean askotan gezurrak esan zituztela salatu zuen, hala nola inflazioaren eta biolentziaren kasuetan.
"Egia ezartzen ez bada, gezurrak Venezuela suntsituko du, gaur egun egiten ari den bezala", adierazi eta borroka hau "espirituala" dela azpimarratu zuen.
Venezuelarrek hurrengo presidentea aukeratzeko hauteskundeak izango dituzte apirilaren 14an, Hugo Chavez agintaria martxoaren 5ean zendu ostean.
Maduro eta Capriles beste bost hautagairekin borrokatuko dira Presidentetza eskuratzeko. Hala, irabazleak Venezuelako agintea hartuko du 2013 eta 2019 bitartean.