Mundua -
Istripua Rio de Janeiron
Gutxienez 7 pertsona hil dira autobus bat zubi batetik erori ostean
Autobusak zubiko hesi bat hautsi du eta Brasil Etorbidera erori da lau metroko altuera batetik. Ibilgailua bidaiariz beteta zihoan.
Erredakzioa
Gutxienez zazpi pertsona hil dira eta beste sei zauritu dira gaur Rio de Janeiron (Brasil), bidaiariz beteta zihoan autobus bat zubi batetik erori ostean, suhiltzaileek jakitera eman dutenez. Ibilgailua hiriko etorbide jendetsuenetarikora erori da.
Viaçao Paranapua konpainiako autobusak Brigadeiro Trompowsky zubiko hesi bat hautsi du Fundao uhartetik hurbil, eta lau metroko altuera batetik Brasil Etorbidera erori da.
Brasil Etorbideak ia 60 kilometroko luzera du eta 30 bat auzo zeharkatzen ditu. Rioko portua hiriko mendebalde jendetsuarekin lotzen du hiribideak.
Agintarien arabera, 328 ibilbidea egiten zuen autobusak Gobernador uhartetik, Rio de Janeiro aireportutik, Castelora, hiriaren erdialdera arte.
Autobusak zeramatzan bidaiarien kopuru zehatzik ez dute eman agintariek, ezta istripuaren arrazoien berri ere.
Sergio Simoes larrialdi zerbitzuetako koronelak zaurituen kopuruak gora egin dezakela ohartarazi du.
50 bat suhiltzaile, zenbait anbulantzia eta hiru helikoptero ezbeharraren tokira bidali dituzte zaurituak artatzeko.