Mundua -
Akatsak
Lau autogile japoniarrek egindako 3,4 milioi auto berrikusiko dituzte
Toyota, Nissan, Honda eta Mazda enpresen hainbat autotako airbag sisteman akatsak atzeman dituzte.
Erredakzioa
Toyota, Nissan, Honda eta Mazda enpresa autogile japoniarrek 3,4 milioi auto berrikusteko kanpaina jarriko dute abian, airbag sisteman arazoak atzeman dituztelako.
Lau enpresa autogile japoniar horiek 2000. urtetik 2004. urtera bitartean fabrikatutako autoak berrikusiko dituzte, Toyotako bozeramaileek jakinarazi dutenez. Toyota da guztien artean kaltetuena, eta 1,73 milioi auto berrikusi beharko ditu. Bestalde, Honda etxeak 1,14 auto berrikusiko ditu, eta Nissan eta Mazda enpresa autogileek, 480.000 eta 45.500 auto, hurrenez hurren.
Matxurak ondorengo auto modeloei eragiten die: Toyota etxeko Corolla, Alfard, Cruiser edota Voltz modeloei; Honda enpresako Civic modeloari; Nissanen Bluebird, Cefiro eta Teana autoei eta Mazda Atenza delakoari, enpresa autogileek Japoniako Garraio Ministerioari helarazitako datuen arabera.
Matxura konpontzeko bi ordu beharko dituzte auto bakoitzeko, baina ez dute zehaztu zenbateko kostua izango duen.
Airbag sistema akastuna Takata enpresa japoniarrak fabrikatu zuen, 2000 eta 2002. urteen artean.