Mundua -
Hauteskundeak Venezuelan
Salaketak Venezuelan, hauteskunde kanpaina amaitzeko
Oposizioak hauteskunde-prozesua ezegonkortzen saiatzeko planak dituela salatu du Madurok.
Erredakzioa
Venezuelako Presidentetzarako hauteskundeetarako hautagai nagusiek, Nicolas Madurok eta Henrique Caprilesek, hamar eguneko kanpaina motz eta biziari amaiera eman diote. Hugo Chavezen ondorengoa aukeratzeko hauteskundeak igandean izango dira.
Azken egunetan, Madurok ustezko sabotaje eta erailketa planak salatu ditu, eta hauteskundeen emaitzen berri ez emateko asmoa duela ere esan du. Izan ere, Madurok azaldu duenez, oposizioak hauteskunde-autoritateek inpartzialtasun falta dutela eta ofizialismoak beldurra sortarazi nahi duela esan du.
Madurok Trujillo, Falcon eta Lara estatuak bisitatu ditu, jendeari erne egoteko gomendatzeko eta gaur, ostegunarekin, Hugo Chavez zenaren kontrako estatu kolpearen hamaikagarren urteurrena dela gogorarazteko.
Oposizioaren hautagaiak, Henrique Caprilesek, bestalde, bere lana betetzeko eta prozesu egonkor bat babesteko eskatu dio Hauteskunde Batzorde Nazionalari, "venezuelarrek bakean bozkatu nahi dutelako".
(Henrique Capriles agerraldi batean. Argazkia: EFE)
Maracaibon egindako agerraldi jendetsu batean, Caprilesek Hauteskunde Batzorde Nazionaleko "errektore batzuek, prozesua egonkorra izateaz arduratu beharrean, deklarazio politikoak" egiten dituztela ohartarazi du.
"Nik hau esaten diot Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteari: (Tibisay) Lucena anderea, egizu zure lana, venezuelarrok ere gure lana egingo dugu. Ez nahasi, herriak bakean bozkatu nahi du, eta herriak hitz egin nahi du hurrengo igandean", adierazi du oposizioaren hautagaiak.
Lucenaren hitzetan, hauteskunde prozesua zaintzeko ardura dutenek sektore antidemokratikoen "berraktibazioa" igarri dute. Horiek "herrialdean euren agenda ezarri nahi dute", eta hurrengo igandeko hauteskundeei "eraso" nahi diete, gaineratu du.
Batzordeko presidenteak ez du sektore "antidemokratiko" horiei buruzko zehaztasunik eman, ezta zein ekintza egin dituzten ere. Lucenaren deklarazioak Diosdado Cabello Parlamentuko presidenteak hauteskunde emaitzen berri ez emateko ustezko plana salatu ostean izan dira.
Istiluak, Caprilesen agerraldi baten ostean
Gutxienez bederatzi pertsona zauritu dira Meridako estatu andetarrean, Caprilesen agerraldi baten ostean, iturri ofizialen arabera.
Oposizioak Gobernuaren inguruko pertsonei egotzi dizkio gertakariak; Meridako gobernadoreak, ordea, oposizioko buruzagiaren jarraitzaile bortitzak izan direla ziurtatu du.
Gobernadorearen esanetan, zauritutako bederatzi pertsonetatik bi Guardia Nazionaleko funtzionario bat (polizia militarra) eta eskualdeko Poliziako agente bat izan dira.