Mundua -
Txostena
Lehergaien ondorioz hildakoen kopurua % 26 hazi da, 2012an
Orotara 35.000 pertsona inguru hil ziren mundu osoan. Sirian hil dira gehienak, eta Irak da gisa horretako hildako gehien izan dituen bigarren herrialdea.
Erredakzioa
Lehergaien ondorioz hildako eta zauritutako pertsonen kopurua % 26 hazi da 2012an, biolentzia armatuaren kontra Britainia Handian lanean diharduen gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) argitaratutako txostenaren arabera.
Orotara, 34.758 lagun hil ziren bonba-auto, mortero, mina, granada edo antzerako lehergailuen ondorioz, mundu osoan. Hildakoen % 78 zibilak izan ziren, eta Sirian hil dira gehienak, hain zuzen ere, 8.382 pertsona. Bestalde, Irak da lehergaien eraginaren ondorioz hildako gehien izan dituen bigarren herrialdea.
Aurreko urtean lehergai gehien erabili dituzten herrialde edota erakundeak Siria, Israel, NATO, AEB, Yemen eta Sudan izan dira. Bestalde, Siria, Irak, Pakistan, Afganistan eta Nigeria herrialdeek pairatu dute gehien lehergaien eragina. Halaber, hildakoen % 80 herrialde horietakoak dira.
Steven Smith gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariak gobernuei eskatu die lehergaiak erabiltzeari uzteko, eta horien erabilerak herritarrengan duen eragina ulertzeko.
Txostena egiteko mundu osoko 500 hedabideetan oinarritu da GKE.