Mundua -

Venezuelako Hauteskundeak

Nicolas Madurok garaipen estua eskuratu du

Hugo Chavezen ondorengoak botoen % 50,66 lortu ditu, eta Henrique Capriles oposizioko buruak, aldiz, % 49,07.

Nicolas Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak

2:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavezen ondorengoak, Nicolas Madurok, irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak, eta herrialde horretako presidente izango da, 2019. urtea arte, Tibisay Lucena Hateskunde Kontseilu Nazionaleko (CNE) presidenteak jakinarazi duenez.

Botoen % 99,12 zenbatuta, Madurok 7.505.338 (% 50,66) eskuratu ditu, hau da, Henrique Capriles oposizioko buruak baino 200.000 gehiago (horrek 7.270.403 lortu ditu; % 49,07).

Parte-hartzea % 78,71ekoa izan da.

Madurok amaitu egin beharko du Hugo Chavez presidente zenak urtarrilaren 10ean abiatutako agintaldia. Chavez martxoaren 5ean zendu zen, minbiziak jota.

Maduro, botoak ikuskatzearen alde

Emaitzen berri izan eta gutxira Mirafloresko Jauregian egindako agerraldi batean, garaipena "bidezkoa, legezkoa eta konstituzionala" izan dela adierazi du Madurok.

Presidente hautetsiaren esanetan, emaitzak ezagutu baino lehen Caprilesek "itun bat" eskaini dio.

Madurok botoak ikuskatzea eskatu dio Hauteskunde Kontseiluari, oposizioarne zalantza guztiak argitu eta herrialdean bakea eta egonkortasuna bermatzeko.

Garaipena oso estua izan bada ere, zilegia dela nabarmendu du agintari chavistak, eta gogora ekarri du Capriles bi puntuko aldearekin izendatu zutela Miranda estatuko gobernadore.

Caprilesek botoak berriz zenbatzea eskatu du

Bestalde, "boto guztiak zenbatu arte" ez dituela emaitzak aitortuko ohartarazi du Caprilesek.

Prentsaurrekoan, Hauteskunde Kontseiluak iragarritako emaitzek ez dutela "herrialdearen erralitatea islatzen" esan du oposizioko buruak.

"Gaur, menperatutakoa zu eta zure Gobernua zarete", esan dio Nicolas Madurori.

Halaber, "kutxa guztiak zabaltzeko" eta boto guztiak "banan-banan" zenbatzeko deia egin du, emaitza ofizialak egiaztatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea