Mundua -
Irango hego-ekialdean
7,8 graduko lurrikara bat egon da Iran hego-ekialdean
AEBetako Geologia Zerbitzuaren arabera, epizentroa herrialdeko hego-ekialdean izan da, eta ondoko herrialdeetan ere sumatu da lurrikara.
Erredakzioa
Richter eskalan 7,8 graduko indarra hartu duen lurrikara bat egon da Iran hego-ekialdean, eta gutxienez 40 lagun hil dira, Hispan TV Irango telebista kateak jakinarazi duenez eta bertako komunikabideek esan dutenez. Sistan-Baluchistan probintziako gobernatzaileak ordea, ez dela inor hil esan du, ISNA agentziak argitaratu duenaren arabera.
Ondoko herrialdeetan ere sumatu da lurrikara, besteak beste, Pakistanen eta Indian, Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak jakinarazi duenez.
Informazio horien arabera, lurrikara 12:44an gertatu da. AEBetako Geologia Zerbitzuak esan duenez, epizentroa herrialdeko hego-ekialdean izan da, Iran eta Pakistan arteko mugatik gertu, Sistan Baluschitan probintzian, Saravan hirian, 15,2 kilometroko sakoneran.
Reuters agentziak esan duenez, Persiar golkoko hainbat herrialdetan eta Indian ere sumatu da lurrikara.
Apirilaren 9an, beste lurrikara bat egon zen Iranen; 6,1 gradukoa hain zuzen. Buehr probintzian izan zen, herrialdearen hegoaldean eta 37 lagun hil eta mila inguru zauritu ziren.
Jendea eraikinetatik atera da Persiar golkoko herrialdeetan
Persiar golkoko herrialdeetan herritarrak eraikinetatik atera dituzte 7,8 graduko lurrikararen ostean; izan ere, toki askotan sentitu dute.
Arabiar Emirerri Batuetan bi lurrikara egon dira Al Sharjan, eta Abu Dhabin bakarra sumatu da, nahiko handia. Bertan, herritarrak korrika atera dira etxeetatik eta lantokietatik.
Qatarren ere herritarrak atera dituzte eraikin altuetatik segurtasun neurri gisa.
Saudi Arabian ere lurrikarak izan dira eta izua izan da nagusi lurrikarak iraun duen unean.
9 lagun hil dira Pakistanen
Gutxienez bederatzi lagun hil dira Pakistanen, herrialdeko hego-ekialdean, hainbat etxebizitza erori eta gero, Iranekin muga egiten duen zonaldean.
Baluchistan, lurrikarak Pakistanen gehien kaltetu duen gunea, nahiko isolatuta dago eta jende gutxi bizi da bertan. Hori dela eta, datuak biltzea eta kaltetutakoei artatzea zaila dela esan dute.