Mundua -
Eztanda ongarri planta batean
Texasen hildakoak 70 izan litezkeela uste dute suhiltzaileek
Oraingoz bi heriotza baino ez dituzte baieztatu, baina aurreikuspenak kezkagarriak dira.
Erredakzioa
Eztanda handia jazo da gaur goizaldean Texasen (AEBak), ongarri planta batean, eta, ondorioz, "5 eta 15 pertsona artean" hil dira eta gutxienez 179 pertsona zauritu, iturri ofizialen arabera. Dena dela, hildakoak 70 izan litezkeela uste dute suhiltzaileek.
Tragedia 19:50ean (01:50, Euskal Herrian) gertatu da, Wilco herritik 20 kilometrora dagoen West herriko planta batean, eta leherketa Westetik 70 kilometrora entzun ahal izan da.
Eztandaren ondorioz, adinekoen etxe batean zeuden hainbat pertsona eta ondoko etxebizitzetako hainbat bizilagun harrapatuta geratu dira.
Lekuko batek Waco Tribune egunkariko kazetariei azaldu dienez, eztanda "suntsitzailea" izan da.
Eztandaren ondorioz, gainera, 2,1 graduko lurrikara bat jazo da, herrialde horretako Zerbitzu Geologikoaren arabera.
D.L. Wilson Segurtasun Departamentuko bozeramailearen esanetan, eztandak guztiz suntsitu ditu ongarri planta eta inguruko "50 eta 75 etxe artean" hondatu ditu.West herriak 2.800 biztanle ditu, eta erdiak bertatik atera behar izan dituzte, tartean, adinekoen egoitzako egoiliarrak.
Horren esanetan, kalteak 1995. urtean Oklahoman izan zen atentatuaren tankerakoak dira. Eraso hartan, 168 pertsona hil zituzten, eraikin publiko baten aurka bonba bat zartarazita.
West herriko alkatea, Tommy Muska, kezkatuta agertu da balizko heriotzen aurrean: "Pertsona asko zaurituta daude, eta horietako asko, seguru nago, ez dira hemen egongo bihar".
"Suntsipena oso handia da, ez dut inoiz halakorik ikusi. Gudu-zelaia dirudi", esan du McLennan konderriko poliziaburuak, Parnell McNamarak.
Polizia leherketa zerk eragin ote duen ikertzen ari da. Patrick Swanton Wacoko Poliziaren bozeramailearen esanetan, oraingoz hipotesi guztiak aztertzen ari dira, baina ez dute istripua edo erasoa izan dela erakusteko frogarik. Halaber, Tabakoaren, Alkoholaren eta Suzko Armen Agentziak ere parte hartuko du ikerketan.