Mundua -

Hauteskunde osteko egoera

Hauteskundeetako boto guztiak ikuskatzea onartu dute Venezuelan

Nicolas Maduro presidente hautetsiak ostiral honetan hartuko du kargua.

Nicolas Madurok kargua hartuko du ostiral honetan. Argazkia: EFE
Nicolas Madurok kargua hartuko du ostiral honetan.
Nicolas Madurok kargua hartuko du ostiral honetan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CNE Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak igandeko boto guztiak ikuskatzea onartu du, oposizioak hori egitea eskatu ondoren. Henrique Capriles oposizioko hautagaia ikuskaritzaren emaitzen zain dagoen bitartean, Nicolas Maduro presidente hautetsiak Hugo Chavezen lekukoa hartu eta kargua hartuko du ostiral honetan.

Tibisay Lucena CNEko presidenteak herrialdeko hedabide batean adierazi duenez, "eztabaida luzea izan da" baina ikuskatzeke dauden botoak ( guztien % 46)  begiratzea erabaki dute. Legeak hala behartuta, hauteskunde egunean botoen % 54 ikuskatu behar izan zituzten.

"Egoera berezi baten aurrean gaude, eta horregatik hartu dugu ikuskaritza egiteko erabakia, baina ez da inolaz ere boto zenbaketa moduan ulertu behar", gaineratu du. Venezuelarren arteko harmonia lortzea eta biolentziarekin erantzuten duten horiek bakartzea ditu helburu CNEk.

Henrique Caprilesek botoak banan-banan kontatzeko eta boto paperak bozketa aktekin alderatzeko eskatu zuen, eta CNEk eskaria onartzea erabaki du.

Madurok eta Caprilesek ikuskaritzaren emaitzak onartuko dituztela iragarri dute, emaitza edozein dela ere.

Igandeko hauteskundeen ostean biolentzia oldea piztu da Venezuelan, eta, oraingoz, 9 pertsona hil eta 70 zauritu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea