Mundua -
Txina erdialdean
186 dira jada Txinako lurrikaran hildakoak eta 11.330 zauritutakoak
Sichuan probintzian izan da lurrikara larunbat honetan, 08:00etan, eta geroago, 264 astindu edo erreplika gehiago izan dira.
Erredakzioa
Gorpu berriak atzeman dituzte Txinan eta 186 dira jada hildakoak eta 11.393 zauritutakoak 7 graduko lurrikararen ondorioz, Xingua agentziak jakitera eman duenez.
Ritcher eskalan 7 graduko indarra hartu duen lurrikara batek astindu du larunbatean Txina erdialdea, Sichuan probintzia. Orain bost urte, eskualde berean zortzi graduko lurrikara izan zen eta 90.000 hildako eta 375.000 zauritu utzi zituen lurrikara horrek.
Sichuan probintzian izan da lurrikara bertako 08:00etan eta epizentroa 13 kilometroko sakoneran gertatu da.
Lushan eta Longmen hiriak astindu ditu lurrikarak, eta milaka eraikin behera jauzi dira.
6.000 soldadu baino gehiago bidali dituzte bertara, erreskate lanetan parte hartzera. Halaber, hainbat polizia talde ere bidali dituzte pertsonak bilatzeko egokiak diren tresnak eskuartean dituztela.
Lurrikarak zazpi graduko indarra izan du eta horren ostean, 4 eta 5 graduko astindu edo erreplika gehiago izan dira.
Astindutako lekuan ez dago argindarrik ez urik eta milaka eraikin behera erori dira, besteak beste, Lushan eta Longmen herrietako ia eraikin denak.
Inguruko errepide asko moztuta geratu dira luizien ondorioz, hori dela eta, erreskate lanak zailago egiten ari dira. Hasierako lurrikararen ostean, 264 erreplika edo astindu izan dira, horietako gogorrena 5,3 gradukoa.