Mundua -

Presidenterako hauteskundeak

Eskuina agintera itzuli da, Paraguain

Horacio Cartesek irabazi ditu hauteskundeak, eta, ondorioz, 2008. urtea arte agintean 60 urtez izan zen Colorado alderdiak berriz ere gobernatuko du.

Horacio Cartesek irabazi ditu Paraguaiko hauteskundeak

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Horacio Cartes enpresaburu aberatsak irabazi ditu Paraguaiko presidenterako hauteskundeak, botoen % 45,91 eskuratuta, eta, horrela, agintea berreskuratu du Colorado alderdi kontserbadorearentzat, hots, 2008. urtea arte 60 urtez gobernatu duen alderdiarentzat.

Cartesek aise irabazi du, Efrain Alegre ezkertiarrak (agintean dagoen Alderdi Liberaleko hautagaia) botoen % 36,84 izan baititu.

"Konpromiso ederra da; zaila da, baina konfiantza dut zuengan, eta elkarrekin egingo dugu lan, ez bainaiz etorri nik bakarrik lan egiteko", adierazi du Cartesek, hauteskundeen emaitzak ezagutu eta gero.

Cartesek eskerrak eman dizkie "ahalguztidunari" eta boto emaileei, eta bere alde egin ez dutenen konfiantza lortzeko esfortzuak egingo dituela agindu du.

Cartes taldeko eta Libertad futbol taldeko presidentea heldu berria da politikaren munduan. 2009. urtean egin zen Colorado alderdiko kide, eta urtebete geroago Honor Colorado barne mugimendua sortu zuen. Paraguaiko hedabideen arabera, aurrenekoz bozkatu du igande honetako hauteskundeetan.

Hauteskunde kanpainan, Alegrek droga-trafikoarekin zerikusia izatea eta dirua zuritzea egotzi dio Cartesi, baina horrek ukatu, eta akusazioak "gerra zikina" direla gaitzetsi du.

Gainera, Fernando Lugo presidente ohiak (2008. urteko hauteskundeak irabazi zituen, baina Parlamentuak kargugabetu egin zuen iaz) bere aurkako kanpaina abiatu izana leporatu dio.

Cartesek abuztuaren 15ean egingo du karguaren zina. Izan ere, egun horretan bukatuko da Federico Franco jarduneko presidentearen agintaldia.

Era berean, Colorado alderdiak Senatuan ere lortu du garaipena, % 35,76ko babesarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea