Mundua -

Bostongo atentatuak

Tsarnaevek konortea berreskuratu du, eta idatziz komunika daiteke

Dzhokhar Tsarnaev gazteak zauri larria du eztarrian eta baliteke inoiz gehiago ez hitz egitea.

Bostongo atentatuaren ustezko egilea. Argazkia: EITB
Bostongo atentatuaren ustezko egilea.
Bostongo atentatuaren ustezko egilea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dzhokhar Tsarnaev Bostongo atentatuaren ustezko egileak konortea berreskuratu du eta idatziz komunika daiteke, Ameriketako Estatu Batuetako prentsak argitaratu duenez.

Informazio horien arabera, agintariak gaztearekin komunikatzen saiatu dira eta idatziz lortu dute, nahiz eta galdeketaren xehetasunik ez duten zehaztu.

ABC kateak esan duenez, idatziz komunika egin daitekeen arren, agintarien galdera batzuei bakarrik erantzuten die.

19 urteko gaztea ostiralean atxilotu zuten operazio handi baten ostean. Larri zauritu zen eta eztarrian eta hankan tiroak jaso zituen.

Hori dela eta, baliteke hitz egiteko ahalmena galdu izana; ondorioz, galdeketa egitea oso zaila izango litzateke, AEBetako Gobernutik esan dutenaren arabera.

Dzhokhar Tsarnaev barku batean zegoen ezkutatuta, eta, FBIko agenteek inguratu zutenean, tiroketa bat hasi omen zen. Ez dago argi oraindik nola zauritu zen gaztea, baina, ikerketaren arduradunek CBS kateari esandakoaren arabera, bere buruaz beste egiteko saiakeran egin zuen eztarriko zauria.

Bala nondik sartu eta atera zen ikusita, pistola ahoan sartu eta tiro egin zuela ondorioztatu daiteke iturri horien arabera. Bala garondotik atera zen, eta zauriaren eraginez, odol asko galdu zuen. Halaber, hankan beste tiro batek eragindako zauria du.

Ikerketa

Tamerlan eta Dzhokar Tsarnaev anaiak, Bostongo atentatuaren ustezko egileak, bakarrik aritu zirela uste du Poliziak, hasierako ikerketak egin ostean, Edward Deveau Watertown udalerriko Poliziaren arduradunak jakinarazi duenez.

Bi ustezko egileen atzetik ibili zen Polizia, eta Watertownen bertan izan zen tiroketa. Horren ondorioz, polizia agente bat eta Bostongo atentatuen ustezko egiletako bat hil ziren. Halaber, bigarren ustezko egileak ihes egitea lortu zuen, eta handik gutxira atxilotu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea