Mundua -
Libia
Frantziako enbaxadaren kontrako atentatua izan da Tripolin
Bonba-autoz egindako erasoak pertsona bat zauritu eta kalte handiak egin ditu Al Andalus auzoko eraikinean.
Erredakzioa
Bonba-auto bat leherrarazi dute gaur goizean Frantziak Tripolin (Libia) duen enbaxadaren kontra eta gutxienez pertsona bat zauritu da, segurtasun indarretako iturriek jakitera eman dutenez. Zaurituak Frantziako pasaportea duen enbaxadako segurtasun langilea da.
Erasoak kalte handiak egin omen ditu Al Andalus auzoan dagoen eraikinean, eta baita etxebizitza eraikin batean ere, aipatu iturriak gaineratu duenez.
Mendebaldeko enbaxadek Libian bizi den segurtasun ezaz ohartarazi izan ditu bertara joateako asmoa dutenak.
Hala ere, ohar gehienak Bengasi ekialdeko hirira mugatzen ziren, Tripoli seguruagoa zelakoan.
2011ko urrian Muamar al Gadafi boteretik kendu zutenetik, eraso eta atentatuen jomugan egon dira diplomazialariak.
Irailaren 11n gertatu zen orain arteko eraso larriena. Orduan, AEBen enbaxadari egin zioten eraso eta enbaxadorea eta hiru funtzionario estatubatuar hil ziren.