Mundua -
400 hildako inguru
Bangladesheko lantegiko arduradun kataluniar baten bila ari da Polizia
David Mayor Phantom-Tac enpresaren arduradunaren bila ari dira, ostegunean behera etorritako lantegiaren barnean egoitza zuelako. Tragedian 400 lagun inguru hil ziren.
Erredakzioa
Joan den ostegunean Bangladeshen behera etorritako eta hainbat ehungintza-lantegik zituen eraikinaren jabea atxilotu du Poliziak. Halaber, beste bi lagunen bila ari da, tartean, enpresari kataluniar bat.
UNB tokiko agentziak jakitera eman duenez, enpresari hori David Mayor kataluniarra da. Phantom-Tac enpresaren arduraduna da, eta behera etorritako eraikinaren barnean egoitza zuen.
Mayorren lantegia Rana Plaza eraikinaren laugarren solairuan zegoen. Eraikina behera etorri ostean, 371 lagun hil eta milaka lagun zauritu ziren.
Atxiloketak
Kataluniar horren bazkidetako bat, Aminul Islam, larunbat honetan atxilotu dute, eraikinean egoitza zuten beste bi enpresari bezala, Bangladesheko iturri polizialek jakinarazi dutenez. Halaber, igandean Sohel Rana eraikinaren jabea atxilotu zuten. Poliziak India eta Bangladeshen arteko mugan aurkitu zuen, ihes egiten saiatu zelako.
Asteartean zortzi solairuko eraikinean azaldutako arrakalak aintzat ez hartzea eta langileak lanera joatea behartzea leporatu diete ehungintza-lantegien jabeei.
Lan-baldintzak
Tragediak horrek agerian utzi du berriro ere ehungintza alorrean lanean ari diren langileen lan-baldintza txarrak. Langile horiek El Corte Ingles eta Primark enpresentzako, besteak beste, ekoizten dituzte produktuak.
Bangladesheko ehungintza alorreko Langileen Federazio Nazionalaren datuen arabera, azken 15 urteetan 600 lagun inguru hil eta 3.000 zauritutik gora izan dira ehungintza-lantegietan izandako istripuetan.