Mundua -

Bostoneko atentatuak

Poliziak beste hiru susmagarri atxilotu ditu Bostongo atentatuagatik

Hiru susmagarriak bi kazakhstandar eta estatubatuar bat dira, hirurak ikasleak. Justizia oztopatzea eta Bostongo atentatuko ikerketan Poliziari gezurra esatea leporatu diete.

Beste hiru susmagarri atxilotu dituzte Bostongo atentatuagatik

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unibertsitateko hiru ikasleri, Dzhokhar Tsarnaeven kideei, justizia oztopatzea eta apirilaren 15eko Bostongo atentatuko ikerketan Poliziari gezurra esatea leporatu diete, ikertzaileek azaldu dutenez. Hiru pertsona hil eta beste 280 zauritu ziren atentatuan.

Dzhokhar eta Tamerlan Tsarnaev anaiak izan dira momentuz atentatuko susmagarri bakarrak. Tamerlan Poliziaren aurka izandako enfrentamendu batean hil zen, eta, Dzhokhar (19 urte ditu), Massachusetts estatuko kartzela bateko ospitale gunean dago.

Hiru susmagarriak bi kazakhstandar eta estatubatuar bat dira, hirurak ikasleak. Ustez, Azamat Tazhayakov eta Dias Kadyrbayev kazakhstandarrek (19 urte dituzte) Dzhokarri ordenagailu bat eta motxila bat desegiten lagundu zioten. Robel Philliposi (19 urte ditu), aldiz, agintariei gezurra esatea leporatu diote.

Hirurak Massachussetts Dartmouth Unibertsitateko ikasleak ziren, baina bat berari ere zaio bonbekin egindako atentatuaren antolakuntzan parte hartzea leporatzen, ezta horren berri lehenagotik izatea ere.

Gaur Massachusettseko auzitegiaren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera, atentatuan parte hartu izana leporatu ziezaioketen Dzhokharren gelako probak atera eta suntsitu zituzten.

Bi kazakhstandarrak apirilaren 20an atxilotu zituzten, migrazio-bisak haustea leporatuta.

Hiru ikasleak Dzhokharren gelara joan ziren, FBIk ustezko erasotzaileen irudiak zituen bideoa zabaldu eta gero. Horren ostean, New Bedfordeko zabortegi batera hurbildu ziren, material hori botatzeko, haien laguna atentatuan sartuta zegoela susmatuta.

Kadyrbayevek galdeketan esan zuenez, Dzhokharren ondasunak "lagunari laguntzeko" suntsitu zituen.

Ikerketen Agentzia Federalak emakume baten DNA aurkitu du atentatuetan erabilitako bonba batean, baina ez du zehaztu zeinena den, edota lehergailuak egiten parte hartu ote zuen.

FBIko agenteek aste honetan hitz egin dute Katherine Russellekin, Tamerlanen alargunarekin. Barack Obamak, Bostongo atentatuen harira, Poliziaren "ereduzko" lana babestu zuen atzo, hori ekiditeko gehiago egin zitekeela ziotenen aurrean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea