Mundua -
Atentatua
Benazir Bhutoren hilketa ikertzen ari zen fiskala hil dute, Pakistanen
Auzi horretan Pervez Musharraf presidente kolpista ohiaren aurkako akusazioa aurkeztu zuen.
Erredakzioa
Benazir Bhuto Pakistango lehen ministro zenaren hilketaren harira Pervez Musharraf presidente kolpista ohiaren aurkako akusazioa aurkeztu zuen fiskala hil egin dute gaur, Islamabaden, Poliziak jakinarazi duenez.
Hainbat pertsonak tiro egin dute Chaudhry Zulfiqar fiskala zihoan autoaren aurka, eta bera eta emakume bat hil dituzte.
Atentatua eguneko lehen orduan egin dute, Pakistango hiriburuko erdigunean, Rawalpindi herrian Musharrafen aurkako epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago.
Musharraf etxean giltzapetuta dute, eta Bhutok mehatxuak jaso bazituen ere, babes egokia ukatu izana egotzi diote.
Lehen ministroaren aurkako atentatua jazo eta gero, lekua garbitu zuten poliziek ikerketa zaildu egin zutela ere aurpegiratu diote Musharrafi.
Kasu hau ez ezik, fiskalak 2008. urtean Mumbain izan ziren atentatuak ere ikertu ditu.
Erasoa Lashkar-e-Toiba talde pakistandarrak egin omen zuen, Indiako agintarien ustez, eta auzibidean dago jada, baina oraindik ez dute inor kondenatu. 166 pertsona hil zituzten atentatu horietan.