Mundua -

Heriotza

Giulio Andreotti Italian zazpi aldiz lehen ministro izandakoa hil da

Politikagintzan maisutzat zutena Erroman hil da, 94 urte zituela.

Giulio Andreotti. EFE
Giulio Andreotti. EFE
Giulio Andreotti Italian zazpi aldiz lehen ministro izandakoa hil da

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giulio Andreotti zazpi aldiz Italiako lehen ministro izandakoa eta biziarteko senatari kargua zuena 94 urte zituela hil da, Erroman, Italiako komunikabideek jakinarazi dutenez.

Orain hilabete batzuetatik bizitza publikotik at zegoen eta ez zen Presidentea hautatzeko Parlamentuko bozketara joan, ezta Gobernu berriaren zin egitearen ekitaldira ere.

Familiako iturriek esan dutenez, hileta bihar egingo dute, baina ez da estatu-hileta izango; izan ere, Andreottik berak eskatu omen zuen azken agurra senitartekoen artean egitea bere parrokian.

Demokrazia Kristauaren erreferente izan da eta lehen ministroa izateaz gain, hainbat Ministerioren buru egon da. Halaber, Cosa Nostra mafia taldearekin zerikusia izateagatik epaitu zuten, zehazki, 1979an Mino Pecorelliren heriotzarekin lotura izatea egotzi zioten.

2004an, ordea, absolbitu egin zuten, eta epaiketa ospetsu hartan Salvatore "Totò" Riina Cosa Nostrako buruzagiari masailean musu eman ziola esan zuen lekuko batek; mafiako kideen artean bereizgarria den keinua, alegia.

"Estatu sekretu batzuk ezagutzen ditut, baina Paradisura eramango ditut nirekin", esan zuen "La Repubblica" egunkariari emandako bere biziko azken elkarrizketetako batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea