Mundua -
Rana Plaza eraikina
1.126 dira jada Bangladesheko eraikinean hildako lagunak
Oraindik desagertuta dauden lagunen kopuru zehatza ezagutzeke dago eta hainbat komunikabideen arabera, eraikina erori zen unean, 5.500 lagun zeuden.
Erredakzioa
Azken egunetan, erreskate taldeek beste 120 gorpu atera dituzte Rana Plaza eraikinaren hondakinetatik. Apirilaren 24an erori zen Savar barrutian, Daccatik gertu. Dagoeneko beraz, 1.126 dira hildakoak herrialdeko komunikabideek jakitera eman dutenez.
Bdnews24 taldeak esan duenez, hildakoetakoak euren telefono mugikorrei esker edota identifikazio dokumentuei esker identifikatu behar dituzte; izan ere, gorpuak egoera txarrean daude jada.
826 gorpu senitartekoei eman ahal izan dizkiete, baina oraindik inork eskatu ez dituen 234 gorpu daude. Azken hauek Dacca hiriko hilerrian lurperatu dituzte, baina etorkizunean identifikatu ahal izateko ADN laginak hartu dizkiete.
Erreskate lanen 19. egunean, oraindik desagertuta dauden lagunen kopuru zehatza ezagutzeke dago. Errusiako RIA Novosti agentziaren arabera, 2.500 langile atera dira onik, baina eraikina erori zen unean, 5.500 lagun zeudela esan dute.
Apirilaren 24an gertatu zen ezbeharra, ehungintzako hainbat lantegi zituen Rana Plaza eraikinak su hartu zuenean, eta ondorioz, milaka lagun barruan zeudela erori egin zenean.