Mundua -
Tiroketa New Orleansen
19 pertsona zauritu dira New Orleansen izandako tiroketan
Tiroketan ez da inor hil, baina zauritutako hiru pertsona larri daude, eta ebakuntza kirurgikoa egin behar izan diete.
Erredakzioa
New Orleansen, Amaren Eguna ospatzeko egindako desfilean, tiroketa bat izan da igandean, eta 19 pertsona zauritu dira, horietako hiru larri, balantze ofizialaren arabera. Ustezko hiru egileek ihes egin dute.
Agintariek jakinarazi dutenez, tiroketan ez da inor hil, baina zauritutako hiru pertsona egoera larrian daude.
Poliziak zabaldutako txostenak azaltzen duenez, zaurituen artean hamar gizon daude, zazpi emakume eta hamar urteko bi ume. Azken horiek arriskutik kanpo daude.
Tiroketa 14:00etan jazo zen (21:00ak, Euskadin), igandean. Hiru gizonezko Amaren Eguna ospatzeko desfilearen kontra tiroka hasi ziren, Frenchmen kalearen inguruan.
Ronald Serpas New Orleanseko Polizia Departamentuaren superintendenteak jakinarazi duenez, desfilean 300 eta 400 pertsona artean zeuden, eta, tiroketaren unean, 200 pertsona inguru zeudela kalkulatu du.
Serpasen arabera, tiroketaren ostean hiru gizonezkok -horietako bat 20 urtekoa zen, ile motza zuen eta kamiseta zuria eta bakeroak zeramatzan soinean- korrika ihes egin zuten. Hori dela eta, ekintzaren autoreak direla uste dute.
Bestalde, Ikerkuntzako Bulego Federalak (FBI) alde batera utzi du ekintza terrorista bat izan zen hipotesia, eta kaleko biolentziarekin lotu du gertakaria.