Mundua -
Bake elkarrizketak
FARCek ukatu egin du bi turista espainiar bahitu dituztela
Kolonbiako Polizia ostiralean bahitu zituzten bi asturiarrak bilatzen ari da. FARCen izenean deitu zuten bahitzaileek, eta erreskatea eskatu zuten.
Erredakzioa
Habanan (Kuba) bake elkarrizketetan parte hartzen ari den FARCen ordezkaritzak ukatu egin du Kolonbian bi turista espainiar bahitu dituztela eta "gaizkile hutsak" izango direla adierazi dute.
"Erabat errefusatzen dugu FARCi ohiko gaizkileen ekintza bat leporatzea", adierazi du hedabideen aurrean Jesus Emilio Carvajalino gerrillariak, Habanan.
FARCen ordezkaritzak berretsi du bahiketak egitea baztertu zutela 2012ko otsailean, eta betetzen ari direla konpromisoa.
Kolonbiako Polizia Angel Sanchez Fernandez eta Maria Concepción Marlaska Sedano (Fernando Grande-Marlaska epailearen senidea) asturiarren bila ari da, aurreko ostiralean bahitu zituztenetik.
Bahitzaileek FARCen izenean hitz egin zuten eta bahituen senideekin jarri ziren harremanetan, erreskatea eskatzeko.