Mundua -
Tapia auzia
Christine Lagarderengan 'konfiantza' duela adierazi du NDFk
Auziko azken albisteen berri "oraintsu" izan du NDFk eta nazioarteko erakundea zuzentzen jarraitzeko "konfiantza" berretsi diote, Gerry Rice NDFko bozeramaileak esan duenez.
Erredakzioa
Christine Lagarde zuzendariarengan "konfiantza" mantentzen duela esan du gaur Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Frantziako Ekonomia ministroa zenean enpresaburu bati kalte-ordaina eman zioten 2008an. Frantziako Justizia Lagarderen papera aztertzen ari da.
Auziko azken albisteen berri "oraintsu" izan du NDFk eta nazioarteko erakundea zuzentzen jarraitzeko "konfiantza" berretsi diote, Gerry Rice NDFko bozeramaileak gaur esan duenez.
Christine Lagardek Frantziako Errepublikaren Auzitegian deklaratuko du gaur, Ekonomia ministroa zenean, Bernard Tapie enpresari frantsesari eman zion milioi askoko kalte-ordaina ilegala izan ote zen jakiteko abiatu zuten auzian.
Baliteke horren deklarazioa bihar arte luzatzea, eta, bukatzen denean, faltsutzeak egiten laguntzea eta ondasun publikoak desbideratzea egotzita inputatuko duten emango dute jakitera.
Lagardek, Frantziako Ekonomia ministroa zenean, Tapiek Adidas enpresa saltzeagatik jaso beharreko ordaina arbitraje batzorde pribatu batek zehaztea erabaki zuen, auzitegien esku utzi beharrean. Hala, urtebete geroago, horri kalte-ordain gisa 403 milioi euro (interesak barne) eman behar ziotela adostu zuten.
Prozedura hori Estatuaren interesen kontra eta Lagarde arbitroetakoren bat partziala zen susmoen jakitun izan ote zen argitu nahi dute epaileek.
Konfiantza
Pierre Moscovici egungo Finantza ministroak Lagarderekiko konfiantza agertu du NDFko zuzendari izaten jarraitzeko.
Horrekin batera, Najat Vallaud Belkacem Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, NDFari dagokio Lagardek karguan jarraitzeko edo kargutik kentzeko erabakia hartzea, baina Frantziako Gobernuan hori ezinezkoa litzateke, horren hitzetan, "arau oso argiak ditugulako".
Poliziak martxoan Lagarderen Parisen duen etxebizitza miatu ostean, NDFak komunikatu bat argitaratu zuen, administrazio kontseiluak zuzendariarekin "konfiantza" osoa izaten jarraitzen zuela eta "bere funtzioak behar bezala betetzeko ahalmena" duela azpimarratzeko.