Mundua -
Hilketa Londresen
Cameronek talde berezi bat sortuko du, estremismo kasuetarako
Asteazkenean bi gizonek soldadu bat hil zutenetik, asko ugaritu dira islamiarren kontrako erasoak Britainia Handian.
Erredakzioa
Britainia Handiko Gobernuak talde berezi bat eratuko du laster, estremismo eta erradikalismo kasuetarako. Asteazkenean Londresen eraildako soldadu britainiarraren harira, hartu du erabakia David Cameronek zuzentzen duen gobernuak. Halaber, atzo beste hiru lagun atxilotu zituen Poliziak, soldaduaren hilketarekin zerikusia izan dezaketelakoan.
Hainbat lagunek osatuko dute talde berria, eta beharrezkoa den kasuetan, inteligentzia zerbitzuetako kideek eta Polizia buruek ere parte hartuko dute bertan. Talde berriak arriskutsuak izan litezkeen pertsonak kontrolatzea izango du helburu. Gainera, muturreko klerikoen hitzaldiak aztertuko dituzte.
Gobernuak azaldu duenez, neurri praktikoak hartu nahi dituzte, behin betiko ekintza estremistekin amaitzeko.
Atxiloketa gehiago
Poliziak beste hiru gazte atxilotu ditu bart, Londresen hildako soldaduaren erasoan parte hartzea egotzita, BBC telebista kateak jakinarazi duenez.
21 eta 28 urte bitarteko gizonak dira, eta hirurak Londres hiriburuan atxilotu dituzte.
BBCren arabera, Poliziak pistola elektrikoak erabili ditu atxiloketak egiteko, baina inork ez du osasun laguntza jaso beharrik izan.
Atxiloketez gain, Poliziak hainbat etxetan miaketak egin ditu.
Islamiarren kontrako erasoak ugaritu egin dira
Asteazkenean, bi gizonek soldadu bat kalean hil zutenetik, hamar aldiz handitu dira islamiarren kontrako erasoak Britainia Handian.
Hilketaren ondorengo 48 orduetan helburu islamikoen kontrako 140 eraso zenbatu zituzten agintariek.
Ezbehar larriena ostiralean gertatu zen. Ezezagunek molotov koktel bat jaurti zuten Milton Keynes auzoko meskitaren aurka, The Independent egunkariak argitaratu duenez.
Azken egunotan, musulmanen kontrako hainbat ekintza arrazista eta eraso izan dira Britainia Handian, Londres hiriburuan eta baita Gillingham, Bolton eta Cambridge hirietan ere.