Mundua -
Bosgarren protesta eguna
Beste gazte bat hil da Turkian, Gobernuaren kontrako protestetan
Joan den ostiralean Istanbulen hasitako protestak herrialde osora zabaldu dira eta dagoeneko bi hildako utzi dituzte.
Erredakzioa
22 urteko gazte bat hil da Turkia hegoaldean, Hatay eskualdean, gizon batek arma batekin tiro egin eta gero.
Joan den ostiralean Istanbulgo Taksim plazan merkatal gune bat eraikitzearen kontra hasitako protestak herrialde osora zabaldu dira eta dagoeneko bi gazte hil dira.
Today's Zaman egunkariak argitaratu duenez, astelehenean manifestazio batean parte hartzen ari zen 22 urteko gazteari tiro egin zion buruan gizonezko batek, gaztea larri zaurituta eraman zuten ospitalera eta bertan hil zen.
Hatay eskualdeko agintariek gertakaria ikertuko dutela kaleratu dute ohar batean.
Astelehen goizaldean 20 urteko beste gazte bat hil zen Istanbulen, protesta batzuetan. Antza denez, Istanbuleko autopista batean protesta egiten ari ziren eta taxista batek bere autoarekin harrapatu eta hil zen.
Bosgarren protesta eguna
Istanbuleko Taksim plazan merkatal gune bat eraikitzeko proiektuaren aurka joan den ostiralean hasi ziren protestak, baina manifestazioak herrialde osora zabaldu dira dagoeneko.
Hasiera batean protesta baketsua izan zen, baino Segurtasun indarren esku hartzearen ondoren tentsioa areagotu egin zen eta istiluak nagusitu dira azken egun hauetan. Guztira, bi manifestari hil dira eta dozenaka zauritu izan dira. Atxilotuak, berriz, ehunka dira.
Tentsio egoera honen aurrean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak Taksimen merkatal gunea eraikitzea baztertu du.
Kalteak turismoaren alorrean
Azken bost egunetan herrialdean zabaldu diren protestek eta tentsio egoerak dagoeneko kalteak eragin ditu turismoaren alorrean. Istanbuleko hoteletan erreserbatuta zeuden egonaldien % 40 bertan behera utzi dituztela ohartarazi dute.