Mundua -
Lehenengo bilera
Bi Koreek jarrerak hurbildu dituzte, asteazkeneko bilerara begira
Seulen izango da bilera, eta hori prestatzeko, batzarra egin dute gaur.Mahai gainean, bilerako protokoloa, lekua, gai ordena eta parte hartuko duten ordezkaritzak izan dituzte.
Erredakzioa
Ipar Korearen eta Hego Korearen artean jarrera hurbilketa izan da azken orduotan. Ministerioen arteko bilera egingo dute bi estatuek asteazken honetan Seulen, eta hori prestatzeko, lehen harremana izan dute gaur bi Gobernuek.
"Ministroen arteko bilera egiteko borondatea erakutsi dute bi aldeek", adierazi du Hego Koreako Bateratzeko Ministerioko bozeramaileak. Azaldu duenez, negoziazioak bide onetik doaz, baina ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan.
Asteazkeneko bilerara begira, protokoloa, gai-ordena eta parte hartuko duten ordezkaritzak izan dituzte hizpide goizean, bozeramailearen arabera.
Bileran parte hartu duten funtzionarioek orain euren gobernuekin adostu beharko dituzte gai horiek guztiak. Arratsaldean, bigarren bilera bat egingo dute bi aldeek, eta, orduan itxiko dute akordioa.
Asteazkeneko bilera historikoa izango da, izan ere, 2007an egin zuten gisa horretako azken batzarra, eta geroztik bi herrialdeen arteko harremana oso korapilatsua izan da.
Batzar historiko horretan hiru gai nagusi aztertuko dituzte: Kaesong industrigunea, Kumgang turismo gunea, eta Koreako Gerraren amaieratik elkar ikusteko aukerarik ez duten familien egoera.
Bestalde, Kumgang turismo gunearen irekiera adosten ahaleginduko dira; izan ere, 2008tik itxita dago.