Mundua -
Protesta oldea Turkian
Manifestazioak deitu dituzte gaur Istanbulen, Erdoganen alde eta aurka
Turkiako Poliziak negarra eragiteko gasa erabili du Ankaran hildako manifestari baten alde egindako "hileta-martxa" bat sakabanatzeko.
Erredakzioa
Atzo, Poliziak Taksim plaza eta Gezi parkea jendez hustu ondoren, larunbat gaua luzea izan da Istanbulen, eta gaurko, lehen ministroaren aldeko eta kontrako manifestazioak deitu dituzte.
Lehen ministroaren alderdiak Erdogani babesa adierazteko mitina antolatu du arratsalderako. Atzo, herritar talde batek txaloz hartu zuen buruzagi politikoa Ankaran. Ekitaldi horretan, Gezi parkea eta Taksim plaza, gaur, jendez hustuko zituela iragarri zuen, baina atzo bertan egin zuten Polizia operazioa.
Poliziaren jarreraren ondoren, KESK funtzionarioen sindikatuak "kalera" aterako da gertatutakoari "erantzun demokratikoa" emateko.
Larunbat goizaldean istiluak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean. Halaber, Poliziak Turkiako jendarmeriako kideen laguntza izan du, istiluak hasi zirenetik lehen aldiz. Normalean, jendarmeriak ezin du hiriguneetan jardun.
Atzo, Taksim plataformak elkarretaratze bat deitu zuen gaurko, "Milioi bat pertsona gaur, Taksimen" lemapean, protesta olde honetan hil diren lau pertsonak oroitzeko. Poliziak inguratuta dauka Taksim plaza eta ez dago argi manifestazioa gaur egingo duten ala ez. Hala ere, sare sozialetan deialdi berri bat egin dute "Turkia kalera" lemapean.
Ankarako gobernadoreak ohar bidez mehatxu egin die manifestariei Taksim plazara ez dadin inor gerturatu. Horren esanetan, herritarrek manifestazioa egiteko baimenik ez badute, kontenplaziorik gabe desegingo dute.
Istiluak Istanbulen eta Ankaran
Istiluen kontrako Poliziak negarra eragiteko gasa erabili du, Istanbul erdiguneko Istiklal kalean bildutako manifestariak sakabanatzeko. Halaber, ibilgailu blindatuak erabili dituzte kalea ixteko.
Bestalde, Turkiako Poliziak negarra eragiteko gasa erabili du Ankaran hildako manifestari baten alde egindako "hileta-martxa" bat sakabanatzeko, eta ingurua hesitu du kontzentrazioak eragozteko.
Manifestariek protestetan hildako gazte bati omenaldia egin nahi zioten, eta lore eskaintza egin Kizilay plazan.