Mundua -
Lehen ministroaren ekitaldia
Gezi hustaraztea bere egitekoa zela esan du Erdoganek
Milaka pertsonak parte hartu dute Erdoganek egin duen ekitaldi politikoan, baina bitartean, handik hurbil, Poliziak elkarretaratze bat galarazi du.
Erredakzioa
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehenengo ministroak Istanbuleko Gezi parkea indarkeria erabilita hustarazi izana justfikatu du, lehenengo ministroa den heinean bere egitekoa delako, eta protestak egin dituztenei Turkiaren garapena ez onartzea leporatu die.
"Handik joateko esan nien, bestela guk hustaraziko genuelako, ondorioak eta erakunde terroristak gorabehera. Taksim eta Gezi parkea herrialdeari bueltatu dizkiegu", Erdoganen hitzetan. Lehenengo ministroak ekitaldi batean egin ditu adierazpenak, bere Justizia eta Garapena (AKP) alderdiaren milaka jarraitzaileekin zegoela.
Erdoganek salatu du "nahiz eta eztabaidatu dugun eta adostasunetara heldu garen" bere burua "diktadoretzat" hartzea. "Oso gogorra zara, esaten didate, eta diktadore ere esaten didate. Zein diktadore biltzen da Gezi parkea hartuta zutenekin eta asmo oneko ekologistekin?", esan du jarraitzaileen txalo zaparraden artean.
Kazliesme plazako ekitaldean milaka pertsonak hartu dute parte, askok itsasontziz eta autobusez gerturatu dira, eskuetan Turkiako eta Erdoganen AKP alderdiaren banderak zeramatzatela.
Bitartean, handik kilometro gutxira, Poliziak Taksim Elkartasuna Plataformak deitutako elkarretaratzea indarkeria erabilita galarazi du. Sarbide guztiak blokeatuta zeuden.